Urteroko argazki jendetsua utzi du Durangoko azokak bere lehen egunean. Atzo ireki zituen ateak eta igandera bitarte azoka «anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa» izanen dela erran dute antolatzaileek. Aurten 950 berritasun aurkeztuko dira azokan, horien artean 39 Ipar Euskal Herriko sortzaileenak. Euskal Kultur Erakundeak lagundurik, Iparraldeko hamabi egitura presente izanen dira Landako gunean; baina aldi honetan ez dira denak elkarrekin izanen, musikagintzako profesionalak musikarien gunean izanen baitira, horien artean, Matthieu Harambourek sortutako Belarri diskoetxea.