Frantziako immigrazio lege proiektua «orain arteko gogorrena» dela dio Etorkinekin-Diakiték

Heldu den astelehenean eztabaidatuko du Frantziako legebiltzarrak Darmanin legea. Azken hamarkadetan etorkinen eskubideak gehien murriztu dituen legea izanen da Etorkinekin-Diakité federaziokoen arabera. Besteak beste, paperik gabekoei AME Estatuko osasun laguntza kenduko die, lan egiteko edo ikasteko urtebeteko baimenak zorroztu eta kanporaketak erraztu. Abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna izanki mobilizazioak izanen dira Frantzia osoan. Ipar Euskal Herrian abenduaren 16an Izpegin elkarretaratzeko deia luzatu du Etorkinekin-Diakiték.