Kattalin Elizalde kolegioaren lur alokatze kontratua etetea deliberatu du Senpereko herriko etxeak, Prefetak hitzarmen horren balio juridikoa dudan eman ondotik. Bernard Elhorga auzapezaren taldearekin bat egin dute Hats Berri zerrenda abertzalearen bozkek. Hautetsi abertzaleek Dominique Idiart auzapez ohiari «behar bezalako lanketa juridikoa ez egin izana» leporatu diote. Hitzarmen 'enfiteutiko' horren bidez, 99 urteko lur esleitzea egin zion Idiartek Seaskaren bosgarren kolegioari, urtean 18.000 euroko alokairuaren truke. Haatik, prefetak zalantzan eman du kontratu horren bideragarritasun juridikoa. Auzapez ohiak prefetaren arrazoia «ulergaitza» dela adierazi du; izan ere, Paris aldean bi ikastetxe pribatuk duten kontratua hartu zuten eredutzat. Orain, lur eremua Seaskari saltzeko negoziaketak abiatu ditu Elhorgakren herriko etxeak Iparraldeko ikastolen elkartearekin.