Karbonozko «zuhaitz» bat Baionan, aireko kutsadura garbitzeko

Metalezko «zuhaitz» bat, airearen kalitatea hobetzeko? Herriko etxeak karbono dioxidoa eta NOx nitrogenoa xurgatzen duen GarbiAir teknologia berria ekarri du Baionara. Barakaldoko Bromalgae enpresak diseinatu duen «karbonozko zuhaitzak» egiazko 50 zuhaitzek bezain beste CO2 xurgatzeko gai da. Eta hori, barnean dituen mikroalgek egiten duten fotosintesi prozesuaren bidez. Haatik, metalezko egituran diren mikroalgak erregularki aldatu beharko dira urtean zehar, eta esperimentazio fasea ekainera arte luzatuko da. Karbonozko GarbiAir «zuhaitza» Jean Grenet zubi gorriaren ondoan paratu dute, hirian auto pasaia eta kutsadura handieneko gunea baita.