Bizkaiko golkoan arrantzatzea debekaturik izanen da otsailaren 20ra arte. Ordura arte, kaian goaitatu beharko dute zortzi metro baino gehiagoko arrantzontziek. Neurri horren bidez, izurdeen ernalketa garaia babestu nahi luke frantses gobernuak. Arrantza tradizionaleko arrantzaleek, ordea, neurriaren «zentzugabetasuna» salatu dute pelagiko eta hondasareko arrantzontzien ber zakuan sartu baitituzte. Haatik, azken horiek izanen dira gobernuaren diru laguntza gehien jasoko dutenak. Izan ere, enpresa bakoitzaren irabazien araberako %80eko kalte ordaina eskainiko du Parisek. Heldu diren bi urteetan ere debeku hori errepikatuko dela aitzinikusten da.