FDSEA sindikatuak bideak blokeatu ditu, frantses gobernua mugiarazteko xedez. Besteak beste, Europako Batasunak klima krisiari buru egiteko ezarri dituen baldintza gero eta zorrotzagoak sortu du FDSEAko laborarien kexua. Erraterako, laborantza lurren %4 lugorrian atxikitzeko, edota zerri nahiz hegazti etxalde handien CO2 isuriak murrizteko neurriak gaitzetsi dituzte. Prezioen gaiari dagokionez laborantzako erregai gorriaren gaineko zerga emendatzea, PAC laguntzen beranta eta EGALIM legearen ez aplikatzea salatzen dute. Ipar Euskal Herrian, Baionatik Bordelera bidean, A63 autobideko Hubert Touya zubia oztopatu dute eta blokeoa Grand Basque auzoko biribilgunera arte luzatzen da. Protestak aste honetan zehar luzatuko dira hainbat lekutan, eta ekintzak datozen asteetan biderkatuko dira Parisko Laborantza saloira arte.