Elkarrizketari bideak ireki dizkio FDSEA sindikatuak. Hainbat egunez luzatu den mobilizazio aldi azkarrak, esperotako fruituak eman ditu sindikatu frantses kontserbadorearentzako. Departamentu mailan, Julien Charles prefetarekin bildu dira astelehen honetan, frantses gobernuak hitzeman dituen neurriak aipatzeko. Bereziki, laborantzako erregaiaren gaineko zergen apaltzea, NPB Europako diru laguntzen berehalako isurketa, kabalen eritasun hemorragikoaren gastuei buru egiteko kalte ordainak eta Egalim legearen ezarpena landu dituzte. Hemendik aitzina abantsu egunero izanen dituzte harremanak prefetarekin, eta neurriak aplikatu daitezen presioa egiten segituko dutela ohartarazi dute.