Urteetan hetsirik izan ondotik, berriz berpiztuko dira Heletako Agerria ostatuko eta ondoko Agerraldi dantzalekuko eraikinak. Lau milioi euroko lanak egin ditu bertan herriko etxea. Ostatu zaharrean denda bat ezarriko dute, eta etorkizunean haurtzaindegi bat sortzeko espazioa egokitu dute. Horrez gain, hamahiru apartamentu ere eraiki dituzte murru horien barnean. Ostatu-etxalde horren lurretan, aldiz, bost kinesiologo instalatu dira. Lan handiak bururaturik, apirilaren 27an estreinatuko dute Heletako herri erdiguneari bizia emanen dion gune zaharberritua.