Baigorri, Aldude eta Esteribar ibarren ondare kontaketa bultzatuko du Kintondare proiektuak, 2024-2026 epealdian. Baigorrin, besteak beste, toponimia, artxibo zaharren berridazketa tailerrak edota Baigorriko hilarrien inbentarioa gauzatzen ari dira. Aurten gainera, Zaharrer Segi pilota batasunaren mendeurrenaren kari, pilotak Baigorrialdean ukan duen historiaz liburu bat argitaratu du Ximun Larre kazetariak, argazki zaharrez horniturik. Preseski, antzinako irudi horiekin erakusketa bat ikusgai izanen da urriaren 7ra arte Baigorriko herriko etxe ohian.