Greba eguna deitu dute CGT, Solidaires, FSU eta hainbat gazte antolakundek frantses estatu osoan. Erretreten erreformaren ezeztatzea eta lansarien igaitea galdeginen dute, urriaren lehen honetan eginen diren 188 protesta ekintzetan. Ipar Euskal Herrian, Baionan eginen dute sindikatuek manifestaldi nagusia, eta LAB sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin. Ber egunean, gainera, Michel Barnier Frantziako lehen ministro berriak politika orokorreko adierazpena eginen du. LAB sindikatuko Argitxu Dufauk azaldu duenez, «zailtasunak» ukanik ere, elkarrekin mobilizatzeko adostasuna erdietsi dute beste sindikatuekin.