Piarres Larzabaleko ikasleek, Madag'Azkar elkartea lagundu dute aurten

Urtero bezala, Piarres Larzabal Kolegioko ikasleek Elkartasun Hilabetea antolatu dute azaroan zehar, "Eguberrin jaso aitzin, beharretan direnei ematen ikas dezagun!" lemapean. Iragan urteetan, 'Etorkinak', 'Suhiltzaile solidarioak', 'Integrazio Batzordea', 'Haur eri' eta 'Nesk'à'paillettes' bezalako elkarteak lagundu zituzten, eta aurten Madag'Azkar elkartea laguntzea erabaki dute. Izan ere, Madagaskar munduko bosgarren herria txiroena bezala sailkaturik da, eta elkarte horrek herrialde afrikar horretako eskolak bultzatzen ditu. Horren harira, Ione Lopez Manterola surflari ezaguna eta elkarteko lehendakaria gonbidatu dute kolegiora mintzaldia ematera. Ikasleek materiala eta diru bilketa bat antolatu dute, eta Ione Lopezek eramanen du Madagaskarrera apirilean. Orotara, mila euro baino gehiago biltzea erdietsi dute ikasleek.