Michel Barnierren kontrako zentsura mozioa onartu du asteazken gauean. 331 diputatuk egin dute ezkerraren zentsura mozioaren alde, horien artean Iparraldeko hiru diputatuak, eta RN Batasun Nazionaleko diputatu ultraeskuindarrak. Bazuen 60 urte zentsura moziorik ez zela onarturik izan. Orain, Emmanuel Macron presidenteak Fronte Popularraren edo eskuin muturraren gustuko lehen ministro berri bat izendatu beharko du, beste zentsura mozio bat saihestu nahi badu. Peio Dufau legebiltzarkide abertzalearen iritziz, zentsura mozioa «ez da erabateko garaipena izan» eskuin muturraren babesa behar izan baitute, eta «egoeraren ardura» hartzen dute. Haren ustez, Macronek «egiteko moldeak aldatu beharko ditu» legegintzaldiarekin aitzina segitzeko.
Frantses gobernuaren erorketa ez dute begi onez hartu, bistan dena, eskuin kontserbadoreko ordezkariek. Beñat Cachenaut Errepublikanoen laugarren hautesbarrutiko diputatugaiak «bi muturren batasuna» ikusi du zentsura mozio horren oinarrian. Frantzia «krisian» ikusten du, eta ez du segurtamenik ikusten ondoko garaiendako. Haren ustez, Barnierren gobernuak 49.3 artikuluaren bidez onartarazi nahi zituen aurrekontuak baitezpadakoak ziren, Frantziako estatuak duen zorra murrizteko.