Gipuzkoan izan den lehen greba mugimenduen artean, 1931an Pasaiako arrantzaleek antolaturikoa aipa daiteke. Espainiako Bigarren Errepublikaren eta langile borrokaren goraldiaren testuinguruan izan zen. Lan eta bizi baldintzen hobetzea galdegiten zuten arrantzaleek, eta greba orokorra Donostiara hedatzen entseatu ziren. Estatuko indar armatuek, ordea, tiroz jaso zituzten langileak eta zazpi hil zituzten. Gerora Ategorrietako Sarraskia gisa ezagutua izanen zen gertakari hori. Tentsio handien artean, ororen buru, enpresaburuek langileen galdeak onartu behar izan zituzten.
Historia solas
1890eko maiatzean Bizkaian egin zuten lehen greba orokor modernoa izan zen. Sozialistek antolatuta, hilaren 13an Zugaztietako Orconera meategian 200 lagun hasi eta gertuko meategietara ere zabaldu ondotik 30.000 langile izan ziren greban ugazaben tabernatik at jateko eskubidea eta ugazaben barrakoitik at lo egiteko eskubidea aldarrikatuz. Facundo Perezaguak zuzenduak, langileek Bilbora joateko ahalegina egin zuten, baina armadak eskua hartzea erabaki zuen. ororen buru, nagusiek aldarrikapenak onartu zituzten, baita udan bederatzi orduko lanaldia eta neguan hamaika ordukoa izatea ere.
Felizia Olabe Salaberri (1838 - 1912) Gasteizko mezenas garrantzitsua eta ongilea izan zen. Familia burges bateko alaba bakarra izan zen. Bere gurasoak zendu zirelarik, oinordekotzan jasotako ondarea hiriko instituzio desberdinen artean banatu zuen: eliza, udala, hezkuntza, egoera txarrean zeuden emazteak, haurrak... Emazte berezi horren bizia ezagutarazi digu aste honetan Peio Etxeberrik.
Espainiako Gerla Zibilaren ondotik, bi hamarkadetan Aberri Egunik ez da ospatuko. 1947 eta 1949 arteko salbuespenekin, 1963ean antolatu zen Francoren estatu kolpearen ondoko lehen Aberri Eguna, Itsasun (Lapurdi). Hortik aitzina urtero antolatuko da, urtez-urte, ospakizunaren izaera aldatuko, eta aldarrikapenak nahiz antolatzaileak ugarituko direlarik.