Sortzeak %7,5 apaldu dira Ipar Euskal Herrian, urtebetean

Hirurehun sortze gutxiago zenbatu dira 2023an, Ipar Euskal Herriko hiru ospitaleetan. Orotara, 3.700 haur sortu dira iaz, 2022an 4.000 izan zirelarik. Joera hori nabarmendu da ere frantses Estatuan, eta testuinguru horretan «berrarmatze demografiko» baten beharraz ohartarazi zuen Emanuel Macron presidenteak. Hiztegi militarraren baliapen horrek, hautsak harrotu zituen. Euskal Herriko datuei begira ere, 2021ean, 6,9 sortze izan ziren mila biztanleko; 2000 urtean 8,7 izan zirelarik. Sortzeen beheititze horren arrazoi nagusia, bizi kostuen kariotzea litzateke, eta ondorioz, lehen haurra ukaiteko adinaren gibelapena.