Europako laguntzen beranta salatu du ELBk, DDTMaren egoitzan

Ez dute erantzun baikorrik ukan ELB sindikatuko laborariek. NPB Laborantza Politika Bateratuaren diru laguntzen beranta salatu dute astelehen honetan, DDTM Lurraldearen eta Itsasoaren Departamendu Zuzendaritzak Baionan duen egoitza okupatuz. Goiz osoa bertan iragan ondotik, arratsalde hastapenean egoitzako kadira oro kanpora atera dituzte eta argindarra moztu dute. Garazi-Baigorriko eremuan, 515 laborariri zor zaio diru laguntza hori, batez beste, 15.000 euroen heinera iristen dena. Estatuko zerbitzuek martxoaren 15erako isuriko dutela azaldu duten arren, laborari anitzek, jadanik, zailtasunak ukaiten ari dituzte etxaldearen gastuei buru egiteko. Departamentuko prefeturak ELBren ekintza gaitzetsi du, eta sindikatuak «elkarrizketari uko egin izana» deitoratu du.