Cynthia Lamothe: «Euskal Moneta Hegoaldera hedatzeko pilotoa eginen dugu Baztanen eta Donostialdean»

Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzeko xedea lantzen ari da Euskal Monetaren elkartea, Hego Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera; horien artean dira Garalur, Udalbiltza, Baztango udala eta Olatukoop. Ipar Euskal Herrian Euskoa garatu den bezala, helburua dute hori plantan ezartzea lehenik Baztanen, Bidasoan eta Oarsoaldean. Langile bat hartuko dute laster, urtebetez enpresa eta herritarren arteko sare baten gauzatzeko aukerarik baden aztertzeko. Euskara, ekonomia solidarioa eta ekologia ardatz nagusitzat lituzken lekuko monetaren sortzea da asmoa.