Sei urtez lan berririk argitaratu gabe egon ondoren, Mattin Lerissak hirugarren diskoa kaleratu du, 2024ko Durangoko azokaren atarian. 'Mundu zabalerako' izenburua du lan berriak, Manex Erdozaintzi Etxarten kantu bati begi kliska eginez. Kantu gehienak Lerissak berak musikatu ditu, eta Aguxtin Alkhat, Mixel Ducau, Jojo eta Ramuntxo, Manex Pagola eta Robert Charlebois-en doinuak berriz harturik ere batzuetan. 2018an ondu zuen 'Gazte naiz gazte' lanean bezala, Mixel Ducau (gitarra, ukelelea, perkusioak, txirula, saxofoia) musikari fina ukan du ondoan Lerissak, baita Iñaki Dieguez eskusoinuan eta Txomin Duhalde baterian ere. Kantuen hitzen sortzaileak Aguxtin Alkhat, Manex Pagola, Itxaro Borda, Manex Erdozaintzi Etxart, Pantzo Hirigarai, Daniel Landart eta Jean-Louis Davant dira. Kantuek euskara, adiskidetasuna, libertatea edota migranteen egoera zaila dituzte hizpide.