Lanbide foroak emankor Xiberoan. Gisa honetako gero eta hitzordu gehiago antolatzen dira gazte zein langabezian direnentzat Ipar Euskal Herrian. Anitzetan, lurraldeko lanbideen inguruko ezagutza ez da behar bezain handia, hautu bat egin behar duten eta kolegioa bururatzen ari diren ikasleendako. Xiberoan, gazteei hautu bat hartzen laguntzeko foroa antolatu dute Azia elkarteak eta ODACE enpresaburuen elkarteak, urtarrilaren 16an. Bertara gomitatuak izan dira Mauleko Argia eta San Frantses kolegioak, baita Atharratzeko kolegioko gazteak ere. Turismo, eraikuntza eta sozial arloko 50 enpresa xiberotarrek parte hartu dute, beren lanbide eskaintza aurkezteko eta ikasleak erakartzeko. Aurtengo arrakastaren ondotik, bigarren foro bat antolatuko dute heldu den urtean.