Teilleri-Dufau ala Lafitte-Harizmendi, zoin bikote iganen da berezko pilotarien mailara?

Esku huskan, Lau Herriko parea eta Denek Batekoa, lehian. Irabazlea berezkoen mailara iganen da igande arratsean. Amateurren A mailan, Frantziako txapelketako finala jokatuko da Arrangoitzeko trinketean igandean. Preseski Arrangoitze, Basusarri, Ahetze eta Arbonako pilotariak biltzen ditu Lau Herri elkarteak. Beraz, Iban Teilleri eta Nicolas Dufauk beren trinketean jokatuko dute finala, Denek Bateko Lafitte eta Harizmendi Euskal Herriko txapeldunen kontra. Lau Herrik irabaziko balu, lehen aldia litzateke pilota eskola horretako bi pilotarik A mailako titulua erdietsiko lukeela. Finala urtarrilaren 19an jokatuko dira 17:00etan, eta Euskal Irratietan zuzenean eskainiko dugu. Partida handiaren aitzinetik, 16:00etan, haatik, 19 urte petiko finala jokatuko dute Lau Herrik eta Hazparnek. Goizean, 11:00etatik goiti, 22 urtez petikoen (Baigorri / Oztibarre) eta helduen B mailakoen (Baigorri / Irisarri) finalak jokatuko dira ere bai.