Bi erizainetatik batek lanean eraso sexistak jasaten dituela azalerazi du Erizainen Ordenak joan den urte bukaeran egin ikerketak. 21.000 erizainek ihardetsi dute, sektore pribatu, publiko eta liberaletik. Hauetan 2.500 gizonak dira. Ikerketa horren arabera, arrapostua eman dutenen %49k baieztatu du eraso sexista edo sexuala jasan duela bere lan denboran. Kasuen %39an «ohar desegokiak» dira, %21ean «irain sexistak», eta %4an eraso fisiko zuzenak. Azpimarratzekoa da bortxaketak salatu dituztela 27 erizainak azken lagin horretan. Hamarretarik lauek diote behin baino gehiagotan gertatu zaiela eta biktimen %47ak lankideak akusatzen ditu. Baina erasotzaile gehienak pazienteak dira, galdekatuen %60aren arabera. Biktimek segurtasun eza sentitu dute erasoen ondotik eta %12ak lanaz aldatzeko xedea adierazi du. Erasotuak izan diren osagarri langileen artean, soilik %2 ausartu da salaketa pausatzera eraso sexista edo sexualen ondotik. Galdeketa hori 2024ko irailean egina izan zen, eta emaitzak abenduan plazaratu zituzten.