Laborantzako bozak: FDSEA garaile departamenduan, ELB Iparraldean

Aldaketarik ez Departamentuko Laborantza Ganbarako hauteskundeetan. Urtarrilaren 31an bururatu zen Departamenduko bost kolegioetako kideak izendatzeko bozketa epea. Laborarien kolegioa da bost horien artean garrantzitsuena, eta beraz, gehiengorako gakoa. Irabazle handia FDSEA izan da hamahiru jarlekurekin (bozen %45,8). Pentsa zitekeen bezala, CR Coordination Rurale sindikatuak bere boz kopurua handitu du, FDSEAri hamalaugarren jarlekua kenduz eta bigarren jarleku bat eskuratuz (bozen %21,4). Alabaina, eskuin muturrarekin loturak ukaiteagatik kritikatua izan den sindikatu horrek ez du espero bezainbesteko hazkundea izan. Bi jarleku eskuratu ditu berriz ere ELB sindikatu abertzaleak (%22,1) eta bakarra Biarnoko Confederation Paysannek (%10,71). Sorpresa handiena laborantza industriako langileen kolegiotik jin da, haatik. LAB sindikatu abertzaleak bere emaitza hoberenak erdietsi ditu, 3.a kolegioan hiru jarlekutik bi irabazirik, eta hirutik bat lorturik 3.b kolegioan.