Proiektuari Elkar Saria jasoko du Kanaldude herri telebistak

Elkar Fundazioak 2025eko sariak iragarri ditu: Ibilbideari elkar saria Zenbat Gara elkarteari emanen dio, eta Proiektuari elkar saria Kanaldude herri telebistari. Lehenen sariztatua 1990eko hamarkadan sortu zen Bilbon, eta euskararen aldeko ekimen ugari bultzatu ditu azken hamarkadetan, horien artean, Gabriel Aresti euskaltegia, Kafe Antzokia edota Bilbo Hiria Irratia. Euskal Herriko hiriburu jendetsuenean euskal komunitatea trinkotzeko eta euskal kultura hirigunean sustatzeko egindako lanagatik jaso du saria. Bestalde, Kanaldude telebistak, Ipar Euskal Herriko erreferentziazko euskarazko telebistak, euskal kulturaren alde egiten duen lana goraipatu nahi izan du elkar Fundazioak Proiektuari elkar saria eskainiz. 1997an sortu zen Aldude ibarrean tokiko telebista gisa, eta ordutik ibilbide luzea egin du. Gaur egun telebista zabala da, Iparraldean hedatua eta Internet bidez edonon ikus daitekeena; hainbat operadoreren eskaintzaren bidez ere zabaltzen dute seinalea. Sariak ekainaren 3an emanen dira, 18:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.