Partida historikoa jokatuko du Avironek, Top 14ko fase finaletan

Txuri urdinez jantzi da Baiona. Hitzordu historikoa dela aste guzian aipatzen ari gira. Berri txarretan, Tuilagi zentroa eta Tatafu harroina kolpatuak dira. Baina, Arthur Iturria kapitaina eta Camille Lopez xiberotar zabaltzaileak Brennus erredola jada altxatu zuten Clermontekin preseski 2017an. Arthur Iturriak erran digunaz oroitzapen ona da baina orain garrantzitsua da mementoa elkarrekin bizitzea. Guillaume Rouet hazpandar erdilariak erakusten du aiherkunderik ez duela bere zuzendarien kontra. 22 urte Baionan pasa ondotik, Avironek erabaki zuen ez atxikitzea heldu den sasoiari begira. Joan den astean, Toulonen kontra entsegua ere markatu zuen. Azken aldiz ariko da Jean Dauger zelaian. 36 urte ditu eta Nizan jokatuko du heldu den denboraldian. Zelai gainean itxura bereko jokoa dutela Avironek eta Clermontek erran daiteke Facundo Bosch aztalkariak dion bezala. Astea laburra izan dela aitortu digu Grégory Patat trebatzaileak. Baina lasaitasunean prestatu ahal izan dutela hitzordua gehitu du. Osaketaz mintzatzeko, hain segurraz ere hasiko dira Cormenier Bosch eta Tagi lehen lerroan. Iturria kapitaina eta Moon bigarrenean. Hirugarren lerroan Chouzenoux, Cassiem eta Bruni. Rouet erdilari eta Segonds zabaltzaile. Hegaletan Spring eta Carreras. Zentroan Mori eta Makala eta 15 zenbakiarekin Tiberghien.