2025eko urtarrilaren 15etik 31ra iraganen dira laborantzako hauteskunde profesionalak. ELB sindikatuak bere zerrenda aurkeztuko du. Julen Perez, Lohitzüne-Oihergiko ahate hazlea izanen da zerrendaburua eta bere gibelean beste hemeretzi laborari izanen dira, hiru ardatz nagusiren inguruan: lansari duinak, transmisioa eta laborarien arteko elkartasuna. 2019ko azken hauteskundeetan, departamentu mailan, bozken %24,21 erdietsi zuen euskal laborarien sindikatuak, eta FDSEAk %53,98. Hori dela eta, laborantza intentsiboaren alde egiteagatik ezaguna den sindikatu hark erdietsi zuen Paueko laborantza ganbararen gidaritza. ELBk, haatik, berriz ere Iparraldeko hiru lurraldeetan, laborarien indar sindikal nagusia izateko erronka lehenetsiko du.