Txomin Casteigts: «Botereguneak behar ditugu Iparraldean, eta horretara dator gure autonomia estatutuaren proposamena»

Euskal Hirigune Elkargoa gaindituko duen autonomia estatutua ezarri du ortzimugatzat, EH Bai koalizio abertzaleak. Bere programa politiko berria aurkeztu dute Baionan, ondoko urteetako bide orri izanen dena. Elkargoa jada gainditua izan dela deritzote, eta Ipar Euskal Herriak estatus juridiko berri batera jauzi egiteko beharra duela aldarrikatu dute. Hain zuzen ere, eskumen fiskal eta legegilea beregain izanen lituzkeen eredu bat defendatuko dute, Estatu frantsesarekin akordioa erdietsiz eta erreferendum bidez erabakiz. Orotara, Iparraldearendako 24 eskuduntza galdegin ditu EH Baik, botere betearazlea Estatuaren esku utziz.