Jaurlaritzak ETAren desarmatzearen kontakizun «faltsu eta interesatua» egin duela salatu dute Bakegileek

Gezurrak, asmaketak eta istorioaren berridazketa… Bakegileek zorrozki salatzen dute Iñigo Urkulluren gobernuak izan duen jarrera ETAren desarmatzearen azken fasean. Berezikiago, 2019an Eusko jaurlaritzak argitaratu zuen txostenak haserrea piztu zuen bakegileen artean. Adibidez, bakegileek apirilaren 8an «besta» antolatzeko asmoa ukan zutela dio Jaurlaritzak, bakegileek ukatzen dutena osoki. Bakegileen erranetan, Eusko Jaurlaritzak «ez du nehoiz onartu gizarte zibilaren rola armagabetzearen prozesuan». 'Bakegileen azalpena ETAren armagabetzearen azken faseko gertakari errealei buruz' izenburua du txostenak, Euskal Herriko bost artxibategi ezberdinetan gordeko dute.