Bost agintaldiz Lakarriko auzapez egon denari leporatua zaio, garai hartan 420.000 euroko obrak zuzenki edo zeharka manatzea SARL Boscqenpresari, bera zelarik enpresaburua. Horren lortzeko herriko kontseiluko bilkura faltsu baten deliberoa sortu luke. Astelehen honetan Boscqen abokatuak eskatu du auziaren gibelatzea, auzapez ohiaren osagarri egoeraz gain, hainbat elementu digitalizatuak eskas zituen dozierrean Stéphane Loumagnen arabera. Anne-Marie Mendiboure gaur egungo auzapeza den Dorothée Nabarraren abokatuak osagarri egoera justifikatzeko agiria "arina" zela azpimarratu du. Ez du frogatzen etortzeko ezintasunean denik. Dorothée Nabarraren sostenguz 30 bat herritar eta Eh Bai-ko hautetsi hurbildu ziren Paueko auzitegira. Auziaren gibelapena gaitzetsi du Nabarrak : "Nahi nizun herritarrek egia jakin dezaten, afera biziki gogorra izan da. Ez da jin. Domaia da. Pentsatzen dut behar zela jin. Behar zuela jin Lakarrareri esplikatzera eta gauza horren asumitzera." Bestalde Anne Marie Mendibouren arabera afera horrek : "Etika galdekatzen du, politiko batzuen zintzotasuna zalantzan jartzen du, hautetsi batena ere kondenatua balitz eta ez edozein hautetsi, elkargoko presidente ordea izan zen." Dorothée Nabarra Lakarriko auzapeza bilakatu zen preseski Dominique Boscqen parean 2020an. Bost urteko presondegi zigorra eta 500 000 euroko isuna arriskatzen du Dominique Boscqek, legez kanpo interesak hartzeagatik. Eta hamar urte kartzela eta 150.000 euroko isuna deliberazio faltsua egiteagatik.
Lakarriko auzapez ohiaren kontrako auzia, urtarrilera gibelatua
Ikustaldiak: 310