Euskararen Erreferentzia Corpusa sortu du Euskaltzaindiak. Hitzen liburutegi handi bat da corpus bat, euskararen gaur egungo erabileraren berri ematen duena. Testuak, prentsa artikuluak, liburuak edota gidoiak biltzen ditu. Ipar Euskal Herriko euskararen lagina biltzeko Herria eta Ipar Euskal Herriko Hitza aldizkarietako testuak hartu dituzte oinarri, baita Ikas pedagogia zentroko, Maiatz argitaletxeko eta Sü Azia elkarteko argitalpenak ere. Egungo euskara islatzeko xedearekin, gai anitzen, euskalki guztietako eta publiko mota guztiei zuzendutako testuak kontuan hartu dituzte. Bertan bilaketak egiten ahal ditu edonork. Analisi linguistikorako, ikasketa automatikorako edo ikerketan hipotesiak baliozkotzeko baliatu ahal izanen da, besteak beste. Corpus dinamikoa izanen da, urtero eguneratuko baita, bai edukiz eta bai oinarri teknologikoz.
Miriam Urkia: «Euskararen Erreferentzia Corpusarekin, egungo euskararen argazkia izatea dugu xede»
Ikustaldiak: 295