Belaunaldi arteko transmisioa ardatz Barkoxeko pastoralean

2025ean Barkoxeko herriak pastoral berria eskainiko du: Ürrats kolektiboak. Euskal Herriko XX. mendeko borrokak izango ditu ardatz, Enbata mugimendu abertzaletik abiatuta, laborantza, haurren hezkuntza edota euskalduntasunaren aldeko ekimenak aipatuko dituzte. Pastorala era kolektiboan eraikitzea erabaki dute antolatzaileek: zazpi idazlek osatzen dute lantaldea, eta hiru errejent berri arduratuko dira zuzendaritzaz. Parte hartzaileen gehiengoa gazte barkoxtarrez osatua da, eta guztien artean herriko jakintzak eta memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzea jarri dute helburu nagusitzat. Etxahun herriko elkartea da pastoralaren antolatzailea, eta pastorala hiru aldiz eskainiko dute: 2025eko uztailaren 27an, eta agorrilaren 2an eta 10ean.