Ahalmen urriko helduen autonomia sustatzeko Baita bizitegiak sortu ditu EVAH elkarteak

Ziburuko herriko etxea eta “Office 64” alokatzaile sozialarekin lanean, Ziburun ahalmen urriko 5 heldu gazteei beren apartamentua ukaitea ahalbidetu die proiektuak. Usaiako zentro berezituetan ez bezala, ahalmen urriko pertsonen gurasoek nahi izan dute gune berezi bat sortu haien haurren eskubideak bermatzeko, beren autonomia garatzeko edota inklusio soziala indartzeko. Baita proiektuan 20 eta 34 urte arteko ziburutar, hendaiar, senpertar, azkaindar eta aheztar gazteak dira. Bostetatik lauk lan egiten dute Arbonako ESAT Gure Nahia egitura berezituan. Gazte bakoitzak bere apartamentuaren alokairua pagatzen du. Ladix Arrosagarai EVAH elkarteko kide eta gurasoak erran digu guraso gisa inportantea zela segurtasunean izan daitezen. «Izan dadila norbait afariez okupatzeko, gaueko zainketaz [...] nolazpait burasoen ordezko. Badakigu gurasoak ez garela betirako eta zure haurraren ahalmen urritasunaren berri duzun puntutik bada kezka bat buruan, arrangura bat ez dena joaten : ta gure ondotik zer ? Guk atzeman dugu formula bat». Oraingoz, ahalmen urriko pertsonak astelehenetik ostiralera egonen dira beren apartamentuetan, eta asteburuetan gurasoen etxera sartuko dira. Berantago, asteburutan lan egiteko langile bat atzematea litzateke helburua.