Barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an Marieniako lurretan. 50 bat pertsona bildu dira asteazken honetan Kanbo eta Itsasu arteko lurretan, berriz ere laborantzako lurren defenditzeko. Lurra itzuli dute barazkien landatzeko eremua prestatzeko gisan. Azken auziak galdu ondotik, mobilizaturik egon nahi dute militanteek. Hirigintza planoaren kontrako lehen auzia eta dei auzia galdu zituzten, baina kasaziora jo dute. Arrapostuaren beha badira beti, erabaki dute hala ere Elkargoaren abokatuen argumentuen salatzea. Laborariek eta herritarrek ez dute onartzen erran dezaten Marieniako lurrak ez direla laborantzarako baliatzen eta ez direla horretarako on. Horren kontra egiteko, froga gisa, barazkiak landatu nahi dituzte maiatza erditsutan.