Xiberoako Botzak 2007ko maskaradatik aurtengora, plazaz plaza kantari izan diren 'xorrotxen' kantuak bilduko ditu diska batean. Uztaila hastapenean grabaketak hasi dituzte Mauleko estudioan, eta eguberrietarako prest izanen da. Abesti guziekin batera, kantu-liburuxka bat jinen da diska berezi honekin.
Kattalin Elizalde kolegioak ateak idekiko dizkie seigarren eta bosgarreneko ikasleei, heldu den astelehenean. Ziburuko Piarres Larzabal koelgioa ttikiegi gelditu baita, eraikuntza berri horrek Senpere, Sara edota Ahetzeko ikasleak errezibituko ditu. Zazpi hilabetez kolegio bat eraikitzea «erronka handia» izan dela adierazi dute gaurko Goiz Berri saioan Iñaki Lekuona zuzendariak eta Mixel Bidegain kolegioko burasoen elkarteko buruak. Aurten laurogehi bat haurrek eginen dute sartzea lau gelatan eta hamar bat irakaslek lan eginen dute kolegioan.
Euriari buru egin behar izan diote ikusleek Luhusoko Kabalkadaz gozatzeko. Aho batez, denek azpimarratu eta goraipatu dute, antzerkian, musikan eta dantzan eramana izan den lan handia. Ipar Euskal Herriko eta herriko aktualitatea ardatz harturik, kitzika eza da eskas izan antzerkian. Baina ez dugu sobera salatuko, bigarren emanaldiarentzat hitzordua eman baitute luhusoarrek. Heldu den larunbat arratsaldean izanen da, arratsaldeko 17:00etan.
Euskal Kultur Erakundeak hamabigarren aldiz segidan antolatu du uda honetan, 'Ibilki' programa. Euskarazko sorkuntzak hedatzen laguntzeko xedea du egitasmoak. Uda honetan adibidez, 160 ikusle bildu ditu Arrosako film laburren gaualdiak eta ehun bat lagun pasa hurbildu dira, Ortzaizera Amama filma ikusteko. Frank Suarez, Euskal Kultur Erakundeko egitasmo arduraduna Euskal Irratietako gomita izan da Goiz Berri saioan.
Iholdiko Hoxari ezker pareta zaharra, pilota jokoan aritzeko gune hirukoitza bilakatu dute. Alde batetik, Pilota Federazioak markatzen dituen irizpideen araberako trinketea eraiki dute, eta libre gelditu diren espazioetan, squash eta frontball jokoetan aritzeko guneak antolatu dituzte. Aukera baliatu dute ere teilatuan panel fotovoltaikoak ezartzeko. Trinkete berriaren erainkuntzak 700.000 euroko kostua ukan du, eta 300.000 euro energia berreztagarria sortzeko azpiegitura. Trinkete berriak zola besterik ez du falta bortak irekitzeko.