Duela 80 bat urte, bigarren mundu gerla betean, naziengandik ihesean ari ziren hegazkin gidariak laguntzeko Comète sarea etengabe lanean ari zen Lapurdin. Belgikatik Gibraltarrera joaten ziren ezkutuan ihesean, behin lurralde britainiarrera iritsirik segurtasun osoz Inglaterrarako bidea egiteko aukera zutelako. Ihesbide hori haatik behin baino gehiagotan aldatu behar izan zuten, polizia frantsesak edo indar naziek pasaiak ezagutu zituztelako. Comete Sarearen lagunak elkarteak topaketak antolatzen ditu irailaren 7tik 10era. Sareari esker ihes egin zutenen senideak nazioarteko hamaika lekutatik jinen dira. Beñat Olaizola kideak Baionatik Donostiara iheslariak nola pasatzen diren azaldu digu:
43 urterekin, bere ibilbide aberatsa geldituko du Iñaki Goikoetxea zezta puntalariak heldu den urrian. Anartean, erakusten ari da hoberenetan dela beti. Horren lekuko, Miarritzeko Urrezko Xisteraren finala jokatu du asteazken honetan eta ostegunean, Donibane Lohitzuneko lehiaketaren finalerdian ere parte hartuko du. Gernikako lehiaketa kari agur erranen dio zezta puntari, bainan jokalari gisa bakarrik. Ondotik, Gernikako Eraman enpresako kirol zuzendari izanen da.
Galdea egin bai, baina orain Europako Batordeak aho batez onartu beharko du. Ez da hain erreza izanen, beraz. Horrek aldaketak ekarriko ditu, erraterako, Europako erakundeekiko harremanetan, unibertsitateen arteko trukaketetan edota produktuen etiketazioan. Neurri horrek, ordea, kontraesanak sor ditzake euskara ofiziala ez den lurraldeetan. Departamenduko kontseiluak, adibidez, euskara ekitaldi publikoetan baliatzeko mozio bat gibelera bota zuen. Jon Iñarritu, Espainiako Legebiltzarreko diputatua izan da Goiz Berriko gomita:
Socios Pusa Maule zaletuen elkarteak errugbi jokalari gazteak laguntzen segitzen du. Aurte, VEO izeneko kamera berri bat erosi dute, bost talderen jokaldiak analizatu ahal izateko. Irailaren 19an abiatuko dute Federal 1 txapelketa, Olorueko zelaian.
Agorrila erditsura heldu da Udan Bai!, udako Euskal Irratietako jokoa. Iparraldeko hiru herrialdeetako kidez osaturiko gazte taldeak 38 pundu erdietsi dute, orain arte buruan izan diren Etxepareko Lagunen heinera helduz. Estebe, Iztebe eta Ahetze gazteen parean ziren Ttipia, Sandra eta Mai, baina 32 pundurekin ez dute gazte taldea gainditu ahal izan. Finalean argituko da nork eskuratuko duen Hirigune Elkargoako turismo sailak eskainitako 1500€-ko plana.