Nazioarteko Pilota Federazioko batzorde exekutiboa desegin du Xavier Cazaubonek

Nazioarteko Pilota Federazioko presidente Xavier Cazaubonek, zuzendaritza eta komisio desberdinetako kide ia guziak kanporatu ditu astearte honetan. Mexikoko kide bat eta Frantziako beste bat utzi ditu bakarrik. Denbora tarte bat hartuko duela adierazi du sare sozialen bidez, pertsona berriak izendatu aintzin. Joan den larunbateko Biltzar Nagusiaren ondotik hartzen duela erabaki hau jakinarazi du. Joan den larunbateko Biltzar Nagusian estatutu aldaketa bozkatu behar zen eta ondotik, Euskadiko Pilota Federazioa onartu, baina bilkura hartan deus ez bozkatzea erabaki zuten azken momentoan. Gotzon Enbil Euskadiko Federazioko kidea elkarrizketatu dugu Euskal Irratietan:

Bastimendu zaharren hondarkinak berrerabili nahi ditu Elkargoak

Deseraiki, berriz eraikitzeko. Hau da Euskal Hirigune Elkargoaren asmoa bere etorkizuneko egiturekin. Mugerreko pleitaguneko 600 metro karratuko kamioien zentro tekniko bat osoki deseraiki dute, eta egitura berriz baliatua izanen da ondoko urtean, Donapaleun eraikiko duten beste eraikin batentzat. Patxama elkartearen esku da kudeaketa eta azken hunek ALKAR enpresari laguntza eskatu dio, metalezko estrukturez arduratzeko. 400 metro karratuko hangarrak, eta 160 metro karratuko bulegoak, berriz erabiliak izanen dira eraikin berrian edo, bigarren eskuko sarean sartuak. Bigarren aldia da hori bultzatzen duela Hirigune Elkagoak. Hirugarren proiektu bat bidean du, Angeluko portuko hangar batekin.

Iparralde 2040 plana abiatuko du Garapen Kontseiluak

Nola izanen da Ipar Euskal Herria 2040 urtean? Galdera horri ihardoki nahi lioke herritarrak eta hautetsiak biltzen dituen Garapen Kontseiluak. 2010 eta 2020 hamarkadetanegin bezala; lurraldeko erronka eta politiken inguruko hausnarketa abiatuko dute gizarteko aktore desberdinekin. Gogoeta fasea buruilean hasiko dute. Philippe Mayte Garapen Kontseiluko lehendakari-ordea izan da Euskal Irratietako gomita:

Ezterenzubiko Kaskoleta mendiko aterpetxea berritu dute

GR10 ibilbidean den Kaskoleta aterpetxea berritu dute. Euskal Hirigune Elkargoaren, Departamenduaren eta Estatuaren laguntzaz 200.000 euroko lanak egin dituzte eraikinean. Duela hogei urte ireki zituen bortak aterpetxe horrek, eta Kasko Argi etxaldeko Jean Luc eta Maialen Iriartek kudeatzen dute. Behi gorriak eta ardi esnedunak dituzten laborari hauek, lo egiteko tokia, afaria eta gosaria eskaintzen dizkiete mendizaleei.

Jazarpen sexisten kontrako "Angela" dispositiboa abian da Hendaian

Bortizkeria eta jazarpen sexisten kontra, Frantses Gobernuak sustaturiko "Angela" plana martxan da Hendaian uztaila hastapenetik. Herriko komertzioetan eta herriko etxearen zerbitzuetan jazarpen horien biktimentzat babeslekuak sortzea da plan honen asmoa. Jazarpen edo eraso sexistak pairatzen dituzten herritarrak laguntzeko helburuarekin, Hendaiako 25 komertzio batu dira jadanik dispositibora, langileek sentsibilizazio saio bat segitu dutelarik. Langile sentsibilizatu batek biktima segurtasunean emanen du, bezeroengandik isolatuz. Babesleku izaera duten komertzio horiek afitxa ubel batekin identifikagarriak izanen dira. Horretaz gain, ostatuen komunetan jarrera eta ohitura sexista bortitzak identifikatzeko afitxak ere emanen ditu Hendaiako herriko etxeak. Heldu diren hilabeteetan Angela plana komertzio gehiagotara hedatzeko asmoa dute.