Garraio publikoaren saloia Miarritzen, autoaren baliapena murrizteko xedez

Nola apaldu autoaren erabilera? Hori da 'Agir' saloiaren galdeketa hiru egunez. Frantzia mailako saloia antolatu dute Miarritzen. Bertan, garraio publikoari lotu 100 erakusmahai bildu dira. Iparraldeko TXIK TXAK sarea ere argitan emateko aukera izan da Euskal Hirigune Elkargoarentzat. Azpimarratu dute barnealdean, garraio publikoen eskaintza %40 emendatu dela 2017az geroztik. Bestalde, jakin ere sareko autobusen %25 elektrizitateari esker ibiltzen direla. Elkargoaren helburua da hemendik 2035era erregaiarekin dabiltzan ibilgailuak desagerraraztea.

Hegoaldeko udal bozak: EH Bilduk zaila izanen du Iruñeko alkatetza eskuratzea

Hego Euskal Herriko herriko etxe guztiak larunbatean osatuko dira. Aliantzen dantza bukatzen ari da eta herri gehienetan gehiengoak osatu badira ere, azken momentu arte sorpresak izan daitezke. PSEk eta EAJk herriko etxe gehienetan aliantzak egin dituzte, EH Bilduk aldiz Ahal Dugu alderdiaren inguruan sortu diren zerrenda desberdinekin. Iruñean, azken uneko sorpresarik ez bada, Joseba Asiron ez da izanen auzapez, PSNk betoa ezarri baitie abertzaleei. Beraz eskuineko auzapeza ukanen du Iruñeak. Goiz berriko gomita izan da Joseba Asiron EH Bilduko auzapez gaia.

Filosofia azterketa pasa dute Seaskako ikasleek, frantsesez

Bakea, justizia, zoriona edo arrazoia… Filosofiako azterketa famatua pasa behar izan zuten atzo terminaleko ikasleek. Lau orenez hausnartu behar izan dute eta haien pentsaketa garatu, frantsesez. Aurten ere Etxepare lizeoko terminaleko 120 ikasleek, urte osoan ikasten duten hizkuntzaz kanpo landu dute baxoko azterketa. Filosofiako azterketa bururatzean, lizeoaren aintzinean egin dute elkarretaratzea azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko. Eta bere lehen agerraldia egin du bertan Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko lehendakari berriak.

Orkeia aldizkaria, Hazparneko iragan industriala ezagutzeko lehioa

Hazparneko zapatagintza industria du aztergai herriko historia batzordeak. Haien ikerketen berri emaiteko plazaratu zuten iaz Orkeia aldizkariaren lehen alea, eta berriki bigarren alea aurkeztu dute. Bertan, bistan dena, zapatagintzak Hazparneko industrian izan zuen garrantziaz, eta jarduera horren bat-bateko desagerpenaz mintzo dira. Orkeia aldizkariaren aleak eskuratu nahi izanez gero, This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbide elektronikoan egin daiteke galdea.

Elbarritasun egoeran diren ikasleen laguntzaileak, greban

Haien egitekoaren ezagupen eskasa eta lan baldintza txarrak salatu dituzte AESH langileak. Elbarritasun egoeran diren ikasleak laguntzen dituzte egunerokotasunean hezkuntza zentroetan. Asteartean grebara deituak ziren, haien egoera agerian emateko. Elkarretaratzea egin dute Pauen, Hezkunde Nazionalaren Departamenduko egoitzaren aitzinean. Berriki, AESH laguntzaileen kategoria, AED eskola zaindarienarekin batzeko xedea iragarri du hezkuntza ministerioak. Goiz Berri saioko gomita izan da Halima Elduayen, Kanboko Errobi ikastolako ikasle elbarrituen laguntzailea.