Alda mugimenduak "Konpentsazio legea" urratzen dutenak argitan eman ditu. Joan den astean Miarritzeko egoitza batean eman zuten fokoa. Hiru egunez bertan egon eta haien aldarrikapenak ardietsi dituzte. Geroztik Miarritzeko herriko etxeak jakinarazi du beste 1000 bizitegi legez kanpo direla. Zertan da legearen aplikapena ? Nork kontrolatzen du hori ? Xebax Christy gure Goizberriko gomita izan da, harekin aipatu dugu zertan den egoera.
Tologorri menditik Auñamendira, berriz heldu da Urmuga festibala. Uztailaren 13tik 30era hamarnaka kontzertu eta emanaldi eskainiko dituzte Euskal Herriko mendi kaskoetan, eskualdez eskualde musika eta natura uztartuz. Aurten Eltzegor talde mitikoa omenduko dute gainera, uztailaren 23an Baigorrin. Emanaldi berezia antolatu dute Donostiako orfeoiaren eta Inkarnatus Orkestrarekin batera. Horiekin batera izanen dira ere Olaia Intziarte, Estitxu Pinatxo, Rafa Rueda, Jokin Pinatxo, Garikoitz Mendizabal, Bixente Martinez, eta Baigorriko gaiteroak. Eltzegor taldeko Joxemari Ostolaza eta Betti Bidartekin mintzatu gara:
Ttattola gaztetxeko kide bat 600 euroko isuna eta 6.200 euroko kalte ordaina ordaintzera zigortu du Baionako Auzitegiak. 2021ean Hazparneko gaztetxeko kideek etxe huts bat okupatu zuten herri erdigunean gaztetxe baten aldarrikatzeko. Ondotik, kide bat epaitua izan zen Maiatza hondarrean, eta epaiketaren emaitza jin da. Horren salatzeko Gaztetxeko kideek elkarretaratzea egin dute ostegun arratsaldean.
Bilkura publikoa antolatu du Uztaritzeko herriko etxeak, etorkizuneko hizkuntza politika zehazteko. Abantsu hamarkada bat bete da Elgarrekin Uztaritzerentzat zerrendak 2014ean aginte makila hartu zuenetik, eta ondorioz, euskal hizkuntzari loturiko erronkak definitzeko unea dela gogoetatu dute. Nicolas Blain da hizkuntza politikaz arduratzen den hautetsia. Azken hamar urteetan, euskararen alorrean zein aitzinamendu egin dituzten galdegin diogu:
Mende erdia bete dute aurten Ipar Euskal Herriko ikastola andana batek, horien artean ere, Xiberoko ikastolek. Urtemuga ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute Sohütan, bertso-bazkari eta kontzertuekin. Gaur egun, ehun ikaslek ikasten dute Sohütako Eperra eta Atharratzeko Basabürüko ikastoletan. Oihana Larrandaburu, ikasle ohia da eta gaur egun irakasle. Goiz Beri saioko gomita izan da ostiral honetan: