Sarako Idazleen biltzarraren 40garren edizio iraganen da apirilaren 10 eta 11an. Ehundik gora idazle, hemeretzi argitaletxe eta hamazazpi elkarte bilduko dira Sarako kiroldegian, eta lehen egunean 22 berrikuntza aurkeztuko dituzte. Asteartearekin liburugintzako profesionalen eguna antolatzen du berriz ere Biltzarrak. Aurten Euskal Literatura Klasikoa izanen da aztergaia. Gidor Bilbao EHU-ko irakasleak edota Xabier Monasterio idazleak emanen dituzte mintzaldiak.
Ehunka zauritu eta atxilotu izan dira azken hilabeteetako mobilizazioetan. Erretreten erreformaren kontrako manifstaldien ondotik liskarrak nagusitu dira Frantzian barrena. Era berean, Sainte Solineko ur-biltegien kontrako mobilizazioan berrehun bat zauritu eragin ditu frantses poliziak. Preseski, indar polizialen jarrera oldarkorra salatu dute atzo Baionako Suprefetura aitzinean, 300 pertsona inguruk. Sainte Solinen bizitakoaren lekukotasuna eman digu Luxi Detxartek.
Baxoa euskaraz iragateko eskubidea aldarrikatzeko, bizikleta martxa eginen dute Bordale eta Baiona artean. Eztitxu Robles kolegioko hirugarreneko hogei bat ikaslek burutuko dute ibilbidea bost egunez. Apirilaren 18an abiatuko dira Bordaletik, eta orotara 200 kilometroko distantzia ibili beharko dute, egunero 50 kilometro eginez. Haien iritsierak apirilaren 22an Euskal Konfederazioak antolatu manifestaldiaren bat eginen du.
Berriz ere bere egoera ekonomikoa larria dela oroitarazi du. Gaur egun, bost bilgunetan 1.100 haur errezibitzen ditu urtean zehar, eta haur horiek 64 herri ezberdinetatik heldu dira. Hauetarik hamabostek bakarrik diruz laguntzen du Uda Leku. Herriko etxe guztien parte hartzea aldarrikatzen du aisialdirako egiturak, haur bakoitzeko 25 euro guttienez. Uda Lekuren arabera, 200.000 eurokoa da irabazi ezaren heina.
Baionako portua blokeatu zuten atzo hamabost bat arrantza-ontzirekin. Haien lanibidearen geroaz arranguratuak dira arrantzaleak. 2030erako Europak itsas zoletako arrantza debekatu nahi du itsasgune babestuetan. Eta horrez gain, sei hilabeteren buruan, izurdeak babesteko xedez, Frantziako Estatuko kontseiluak arrantza debekatu nahi du Ozeano Atlantikoko gune batzuetan. Neurria «gehiegizkoa» dela deritzote arrantzaleek, izan ere, haien arabera izurde gutxi biltzen dituzte sareetan. Hainbat ekintza aitzinikusi dituzte heldu diren asteetarako.