Nafar hegoaldeko mozkinak argitan emanez, Errigorak bere udaberriko kontserben kanpaina abiatzen du gaur. Hamarkada bat egin du egitasmo hau sortu zenetik, laborarien eta euskalgintzaren beharrak aitzinean emanez. Bertako elikagaien alde egitea, euskara indartzea edota auzolana buktzatzea du xede. Aurten, berrikuntza bezala 'identifikatzaile' propioa aurkeztu dute, Errigoraren balioak errespetatzen dituzten ekoizleak nabarmentzeko. Lau ardatz ditu zigilu horrek, bertakotasuna, euskara, auzolana eta laborariekiko bidezko harremana. Horrez gain, euskararen alorrean euskara planak abiatu dituzte 23 ekoizleekin. Mikel Mutiloa Errigorako kidea izan da gure gaurko gomita Euskal irratietan.
Goizean goizetik hasi dira atzo mobilizazioak. Erretretei lotuak alde batetik, Baionako portua eta Safran eta Turbomeca enpresetako sartzeak blokatu baitzituzten langileek. Ondotik, manifestaldi eta elkarretaratzeak aldizkatu ziren, Martxoaren 8ko borroka eguna markatzeko. Ekimen berezia burutu zuen LAB sindikatuak herriko etxearen aitzinean. Atsaldean hiru hitzordu nagusitu ziren. Lehenik Zutik eta Nous Toutes kolektiboko kideek elgarretaratzea egin zuten Baionako merkatu plazan, eta Itaia emazte sozialisten antolakundeak deiturik, hamarnaka manifestarik Lapurdiko hiriburuko karrikak zeharkatu zituzten, «emazte langile, ez zaitez makurtu» ohiu artean. Beste manifestaldi bat egin zen ere Irunen, Urruñatik eta Hondarribiatik abiatu bi zutabek osaturik.
Frantses irakasle postu oso bat galdu zuten iaz, eta aurten frantsesezko eta euskarazko beste bi postu erdi ere galtzear dira. Nahiz eta azken urteetan ikasle kopuruak behera egin duen, orotara 70 haur inguru dira Lekornen eta Makean. Haurrak baldintza onetan direla uste dute burasoek, baina bi postu erdi horien galerak, egoera zailduko duela adierazi dute. Izan ere, eskolaren berrantolaketak. Ostegun honetan emanen du behin-betiko erabakiaren berri Hezkunde Nazionalaren Departamenduko Zerbitzuen zuzendaritzak.
Ezpeletan, Basaburuko eskola zaharraren berritzeak eta ondoko lurretan hiru etxebizitza eraikitzeko planak ezadostasunak piztu ditu. Horren kari, iragan ostegunean herriko kontseiluan protesta egin zuten. Eskolaren berritzea eta haren kudeaketa auzolanean egin nahi luke Basaburutarrak elkarteak. Izan ere, duela bi mende horrela eraiki zuten eskola, eta espiritu kolektibo hori atxiki nahi lukete. Ondorioz, eskolaren gaia argitu arte, proiektu osoaren kontrako helegitea pausatu dute. Auzapezaren iduriz, hitzemandakoa errespetatu dute eta proposatutakoa untsa ez ulertzea leporatu die Basaburutarrak elkartekoei. Preseski, elkarte horretko kide den Eñaut Nobliak haien protestaren argipenak eman dizkigu:
Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioen lekukoa hartuko dute emazteen askapenaren aldeko aldarriek. Emazte Langilearen Nazioarteko Eguna kari, nehoiz baino hitzordu gehiago izanen dira gaur Ipar Euskal Herrian. Goizean LAB eta Solidaires sindikatuek manifestaldia deitu dute, baita FSU eta ELB sindikatuek ere Donapaleun, atsaldean. Zutik eta Nous Toutes kolektiboek atsaldeko 15:00etan elgarretaratzea eginen dute Baionako merkatuko plazan; ber tokitik, baina atsaldeko 18:30etan, Itaiak mobilizazioa deitu du 'Emakume langileak askatzeko, sozialismoa eraiki!' lemapean. Azkenik, 17:30tan Urruñatik eta Hondarribiatik bi zutabek bat eginen dute, eta Irunen manifestaldia eginen dute. Irunen ere, Itaiak elgarretaratzeko deia egin du atsaldeko 18:00etan, San Juan plazan. Martxoaren 8a kari, beraz, gure gaurko gomitak izan dira Andrea Pebet Itaia antolakundeko kidea, eta Nora Arbelbide eraso sexisten biktima zuzena izan dena: