Gose greban sartu da Aurélie Albert Dupont, Kanboko suhiltzailea. Bere arduradunarengandik pairatzen zuen jazarpen morala salatu zuen, eta geroztik ez diote kontratua berritu. Hamar urte dira suhiltzailea bolondres gisa lanean ari dela, eta kontratua bost urtero berritzen da. Bigarren kontratua bukaturik, ez diotela berrituko jakin du. SDISSeko presidentearekin hitzordu bat eskatzen du bere ikusmoldea azaldu ahal izateko. Francisco Sanchez abokatuarentzat, argi eta garbi da, «Aurélie Albert-en orientazio sexuala dapairatu dituen jazarpenaren oinarrian». Bide judizialak luze joko du, baina anartean, entzuna izan dela eta bere postua berriz hartzen ahalko duela espero du suhiltzaileak.
Batzorde mixtoak onartu ondotik, legebiltzarraren eta Senatuaren esku da erretreten erreforma. Gaur bozkatuko da erretreten erreforma Frantziako legebiltzarrean. Goizean eginen da Senatuko saioa, eta arratsaldeko 15:00etan Asanblada Nazionalekoa. Senatari eta parlamentarioak batzen dituen batzorde hori biltzen zen ber momentuan, sindikatuek beren zortzigarren mobilizazio egun handia egin zuten atzo, erretreta adina 64 urteetara gibelatzea eta kotizazio epea 43 urteetara luzatzea gaitzesteko. Gaur erreforma onartua izatekotan, zer ekinbide abiatu eta zer jarrera hartu erabaki beharko dute sindikatuek.
Bi Estaturen arteko muga, eta euskal herritarrak. Eusko ikaskuntzak hitzaldia antolatzen du Senperen, arrats honetan. Hiru parte hartzaile izanen dira: Elena Casiriain, Iban Larrandaburu eta Elixabet Etxandi. Lehenak antropologiatik helduko dio gaiari, bigarrenak zuzenbidetik eta hirugarrenak ikusmira historikotik. Larreko gelan eman dute hitzordua, 19:00 orenetan. Iban Larrandaburuk landuko dituzten gaietan barrena murgildu gaitu Goiz Berri saioko gomitaren tartean.
Gatazka politiko-armatu baten lekukotasun partekatu bat osatzea. Hara zer zuen xedetzatThomas Lacoste zinegileak, azken urteetan euskal gatazkaz egin dituen ikus entzunezko lanekin. Memoria bilketa horren ohiartzuna zabaldu nahi du orain, Euskal Etnopoloak. Horretarako atsalde berezia antolatu du gaur Baionako Atalanten. Lacosten tetraologia emanen dute, haren parte hartzearekin. Atsaldeko 15:00etan bere bi laburmetrai emanen dituzte, eta ondotik Thomas Lacostek hartuko du hitza. 18:00etan, aldiz, Jon Casenave ikerlariak mintzaldia emanen du Lacosten lekukotasunaren poetikaz. Eta azkenik, 20:00etan "L'hypothèse démocratique" filma emanen dute.
Gertakariak goizaldeko 4:00ak aldera iragan dira, Donapaleutik hurbil. Auto ebatsi batekin kolpatuz, Leclerc supermerkatuko kutxazain automatikoa ebasten entseatu dira ohoinak. Haatik, ez dute zentimo bat ebastea ere erdietsi. Autoa Renault Megan motakoa zen, eta ihes egin aitzin, tokian berean su eman diote. Ikerketa Donapaleuko Gendarmeriaren esku da orain.