Animus anima, Maialen Errotabehereren disko berria

Generoaren gaia ardatz harturik, hamaika kantu bildu ditu Maialen Errotabeherek, Animus Anima deitu duen bere estudioko laugarren lanean.Animusa oharkabeko arketipo bat da, emazteek gizonen inguruan duten irudi gisa agertzen dena, edo emazteek barnean duten izate maskulinoa biltze duena. Anima, aldiz, gizonek emaztei buruz duten oharkageko irudia, edo gizonek bere baitan duten alderdi femeninoa litzateke. Artista lapurtarrak aspalditik zuen gai hori lantzeko gogoa; hain zuzen, lan berri horretaz baliatu da, beste artista eta autore batzuekin gaiaz hausnartzeko. Hala bada, hainbat artisten parte hartzea ukan du, kantuen letrak idazteko. Horien artean dira: Maddi Zubeldia, Xabaltx, Itxaro Borda, Rebecca M’Boungou, Odei Barroso, Argitxu Errotabehere, Txuma Murugarren edo Aguxtin Alkhat.

 

Inhar Ugarte pilotaria: «Mugak hausteko garaia heldu da»

Frantziako Pilota Federazioak antolatu esku huskako txapelketetan, A mailan Luis Sanchez nafarra izan da garaile, eta B mailan, Inhar Ugarte bizkaitarra. Mugarik gabeko izpiritua garatzeko mementua dela erran digu Inhar Ugarte txapeldunak. Erran behar da Ugarte izan dela lehen pilotaria, Espainiako Pilota Selekzioan aritzeari uko egin diona, Euskal Selekzioan aritu ahal izateko. Bere aurtengo garaipenaz, eta aste buru honetan hasiko den binakako txapelketaz mintzatu da Inhar Ugarte Euskal irratietan. 

Euskalgintzaren deialdi bateratua, Baionan mobilizatzeko

Euskararen eta euskalgintzaren egoera kritikoa plazara eramanen du Euskal Konfederazioak, apirilaren 22an Baionan eginen duen manifestaldiarekin. Baxoa hiru asteren buruan abiatuko da eta Seaskak ez daki oraindik brebetako eta baxoko hainbat ikasgai euskaraz pasatzen ahalko dituzten ikasleek. AEKk 30.000 ordu klase eskainiko ditu 1.400 helduri euskara ikasi edo hobetzeko. Baina hortara heltzeko, langileak egoera prekarioan ari dira lanean. Uda Leku aisialdi zerbitzuak arazo ekonomiko larriak ditu, ez baititu behar baliabideak erdiesten. Euskal hedabideak frantses hedabideak baino kopuru askoz apalagoan lagunduak gira. Guzti hori salatuko da apirilaren 22an Baionan. Azterketak euskaraz, euskarari trabarik ez eta euskarak bizi behar du izanen dira lema nagusiak.

Kanboko hiru suhiltzailek auzia abiatu dute, kasernako buruaren kontra

Salaketa ezarri dutenen artean da Aurélie Albert. Badu hamar urte suhiltzaile bolondresa dela Kanbon, haatik azken hiru urteak gaizki iragan dira kasernako buru berriarekin. Gainera aste honetan jakin du bolondres kontratua ez zaiola berritua izanen, Alberten iritziz «gehiegizkoak» izan diren bi zigorren kontura. Erabaki hori auzitara eraman du beraz. Urtarrilean jada beste salaketa bat pausatu zuen, jazarpen morala eta ele homofoboengatik. Jakin behar da beste bi suhiltzaile bolondresek ere auzitara jo dutela ere kaserna buruaren kontra.

Idortearen aitzinean, laguntzak galdegin ditu FDSEAk laborari ororentzat

Orain arteko diru laguntzak ez dira aski FDSEA eta Jeunes Agriculteurs-eko laborarietzako. Salatu dutenez, Frantziako Gobernuak bideratu kalteordainak ez dira laborari ororengana iritsi. Izan ere, idortearen ondorioz ukandako galera ekonomikoak %11 gainditzen duela justifikatu behar da. FDSEA sindikatukoen erranetan, kalkulua «ez da argi» eta laborari guztiek ukan beharko lukete laguntza, «denek pairatzen baitute idortea» . Heldu den astelehen goizean elgarretaratzea deitu dute Baionako suprefeturaren aitzinean.