Iparraldeko farmaziak greban sendagai eskasa salatzeko

Farmaziek greba eguna dute ostegun honetan, Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan. Sendagaien eskasiak sorrarazten duen egoera, laborategien hestea edota ordainsarien birbalorizazio falta salatzen dute. USPO farmazialarien sindikatuen batasunak azaldu duenez, Frantziako prezioak apalago izanki, hornitzaileek Europako beste herrialdeetan saltzea lehenesten dute; horrek, 5.000 sendagai erreferentziaren eskasa eragin du, 2014 urtean 400 baizik ez zirelarik. Sindikatuen arabera greba deialdia farmazialarien %90ak segituko du.

Enpresa ttipien hauteskundeetan parte hartzen ahalko du LABek

LAB sindikatuak enpresa ttipien hauteskundeetan parte hartzen ahalko du. Hala deliberatu du Parisko Auzitegi Judizialak. Haatik, Bretainiako SLB eta Korsikako STC sindikatuen hautagaitzak errefusatu ditu. Force Ouvrière sindikatuak hiru sindikatu independentista horien kontrako helegitea aurkeztu zuen arauak betetzen ez zituztelakoan. LABen kasuan, FO sindikatuak salatu zuen sindikatu abertzalea egiazki elkarte bat zela, eta ez zituela finantza arloko gardentasun irizpideak betetzen. Eñaut Aramendi, LAB sindikatuko koordinatzailearen arabera, «LABek dena behar den bezala egin du».

Terexa Lekunberri: «Gure kultura belaunaldi berrien beharrei erantzutea kausitu dugu Iparraldean»

Pastorala, Maskarada, libertimendu edo kabalkada, plaza ikusgarriak zertan dira Ipar Euskal Herrian ? Gai mamitsu hori lantzen saiatuko dira bi egunez Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duen kolokioan, Baionako Arte Eskolan. Kabalkadaren dinamika, Uztaritzeko kaskarotetan emazteen integratzea edo libertimenduaren hedatzea, izango dira jorratuko diren gaiak. Terexa Lekunberri EKEko etnologoak azaldu digunez «plaza ikusgarri hauen erronka geroan zein den aztertuko dugu kolokioan». Hitzordua Baionako Arte Eskolan iraganen da, eta ostegun arratsean hasiko da 18:30etan Elena Bertuzziren “Sous la jupe des filles” ('Nesken gonapean') filmarekin.

Eklektikotasuna ardatz izanen du 'Le Temps d’Aimer la Danse' festibalak

Dantzaren besta handia izanen da berriz ere Le Temps d’Aimer la Danse festibala. Irailean ospatuko da Miarritzen, eta horrez gain, 80 dantza ikusgarri proposatuko dituzte Ipar Euskal Herri osoko beste hamazazpi herritan. 41 dantza konpainia hurbilduko dira nazioartekoak eta tokikoak. Tokiko konpainietan Bilaka, Kukai edo Dantzaz ikusgai izango dira. Lehen aldiz Bardoze, Donibane Garazi eta Mauleko jai alaietan Metzeko balletak emango du ikusgarria. Irailaren 4tik 16ra iraganen da Le Temps d’Aimer la Danse festibala.

Laborarien kexua apaldu nahi lukeen laborantza legeak aitzina egin du

Laborantzaren Orientazio Legea bozkatu du Parisko legebiltzarrak. Maiatzean hamar egunez eztabaidatu ondotik, azkenean diputatuen gehiengoak baiezkoa bozkatu du, 272 alde eta 232 kontra. Puntu nagusietan dira, elikadura burujabetasunaren printzipioa baieztatzea, 2030erako 500.000 laborarien helburua finkatzea edo lur landatuen %21 biologikoan izan beharra, eta %10ak lekadunak izan beharko dute. Eztabaida piztu duen gaien artean «nahikeriaren» nozioa ingurumenari buruzko kalteen kasuan; laborari batek ingurumena kaltetu baldin badu baina frogatzen badu nahigabean zela, zigor arindu bat ukanen du.