SDOHE Ura eta Obra Hidrolikoen Zainketarako Sinidikata, EAJko ordezkariak eta hautetsiak elkartu dira joan den ostiralean Baigorriko Xantienia zentral hidroelektrikoan, Estatuaren energia hidroelektrikoaren berritze normak zorrotzegiak direla salatzeko. Hamairu zentral hidroelektriko dira baimen berritzearen zain gaur egun Ipar Euskal Herrian.
Uda bukaeran, etxebizitza tentsiopean diren herri eta hirien zerrenda emendatzeko aukera ireki du frantses gobernuak. Hastapenetik zerrendan diren Lapurdi kostaldeko 24 herriei, beste hamaika gehitzen ahalko zaizkie. Herri horietan ere, tentsiopeko guneei dagokien konpentsazio legedia ezartzen ahalko da. Baina horrez gain, ze erran nahi du tentsiopeku gunean izatea? Xehetasunak galdegin dizkiogu Goiz Berri saioan Xebax Christy Alda kolektiboko bozeramaileari.
Bortu aldeko eskola bakarrenetarikoa da Larrainekoa. Hamazazpi haur hartzen ditu, eta iragan ikasturtetik, euskarazko murgiltze eredua ireki dute ama-eskolan. Egoitza berritzeko 600.000 euroko inbertsioa egin dute, Hirigune Elkargoaren, Eskualdearen, Departamenduaren, Estatuaren eta herriko etxearen partaidetzarekin. Estreinaldira hurbildu dira erakunde horietako ordezkariak, horien artean, Jean Rene Etchegaray, Rene Carrique, Jean Marc Baranthol, Iñaki Etchaniz diputatua, Frederique Espagnac senataria eta Marion Aoustin-Roth Olorueko suprefeta berria. Eskolari haren babesa eman diote, nahiz eta demografia apaltzearen ondorioz lanjerean izan daitekeen. Inguruko beste eskolak Basabürüko RPIan bildurik dira.
Pilotak Aldudeko ibarraren ukan duen inportantzia estakuru harturik, ibarraren azken hiru mendeak kondatzen dituen dokumentala ekoizten ari da Aldudarrak elkarteak. ‘Perkainen itzalean’ izenburua hautatu dute, Juan Martin Inda ‘Perkain’ pilotari handiaren oroimenez. Ibarreko adineko herritarren ahozko lekukotasunak, argazki zaharrak eta artxibategietako agiriak biltzen dihardute. Urte baten buruan estreinatuko dute Aldude ibarreko ate irekietan. Aldudarrak elkarteko Mikel Erramuzpe izan da Goiz Berri saioko gomita.
Hamaika ikasle hasi dira Unibertsitateko euskarazko kazetaritza formakuntzan. Ipar Euskal Herriko bederatzi hedabide euskaldun eta elebidunetan arituko dira lanean , unibertsitate ikasketekin aldizkatuz. Irailaren 18an abiatu zen programa EHUren, Bordeleko IJB kazetaritza eskolaren eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen eskutik. Klaseak Bilbon, Bordelen eta Baionan jasoko dituzte. Hiru entitateen arteko partaidetza ofizialki izenpetu zuten iragan ostiralean. Besteak beste, Euskal Irratietan, Berrian, France Bleun, Kazetan eta Kanalduden ariko dira ikasleak bi urtez.