Ehun traktore eta laurehun bat laborari bildu dira Biriatuko blokeo ekintzan. Energia kostuak, inportazioekin lehiatzeko ezintasuna, gazte laborarien zailtasunak edota diru laguntza sistema desegokia zuten jomugan. 24 oreneko bide oztopatzea egin dute asteleheneko 10:00etatik, astearteko 10:00 orenetara. Martxoaren 7ko mobilizazioetan iragarri bezala, agintariek haien aldarrikapenei kasu egin ezean ekainaren lehenetik goiti mobilizazioak azkartuko dituzte laborariek.
Prefosta elkartearen kanpoaldean joan den asteburuan agertu diren mezu homofoboak gaitzetsi dituzte astearte honetan. Margoketei ihardukitzeko salaketa bideo bat zabaldu dute sareetan, «PD eta harro» leloa oihukatuz. Prefosta elkarteak eta Atharratzeko herriko etxeak salaketa ezarriko du jendarmeen aitzinean.
Ahate gripearen A (H5N1) birusa beste espezie batzuetara hedatu da Amerikako Estatu Batuetan. Kansas eta Texaseko estatuetan behi kutsatuak atzeman dituzte, baita ahuntzak ere Minesotan. Gertakari hauek arrangurak piztu ditu gizakien kutsatze posible bati begira. Ikerlarien arabera, kabalak ez dira hegaztiengandik kutsatu, baizik eta «kabala batetik bestera». Azterlariek adierazi dutenez ez da birusaren mutaziorik izan, eta seguruenik etxalde horietan den «birus kopuru handiari» loturik litzateke kutsatzea.
Aste hondar honetan estreinatu da Axut kolektiboaren 'Lurrez estali' antzezlana. Ehorzketa batekin abiatzen da obra, eta istorio honen protagonistak, gainbeheran den etxalde bat eta bertan hazi den familia. Ximun Fuchsek laborarien eta etxalde ttipien errealitate gogorra ekarri du argitara, umorez eta dramaz beteriko obra honen bidez. Agertoki gisa Izura-Azmeko Latsagako jauregia hartu dute, eta ekaina osoan zehar hainbat emanaldi eskainiko dituzte.
Blokatze egun «asindikala» antolatu du astelehen honetan laborari talde batek, 9:00etatik 24:00etara. Ipar eta Hego Euskal Herriko laborari horiek, Europako hauteskunde testuingurua baliatuz, Brusela presionatzeko xedea dute. Egalim legearen aplikatzea galdegiten dute eta ezantzaren gaineko zergaren kentzea ere bai. Protestaren ondorioen aitzinean, bidaiak 24 orenez aitzinatzea edo gibelatzea galdegin die prefeturak garraiolariei. Igandean pisu handiko ibilgailuek baimena ukan dute departamenduko autobideak baliatzeko; pisu arineko ibilgailuei, aldiz, garraio partekatuak baliatzea aholkatua zaie. Bide mozketak Iparraldetik Hegoalderako norabidean dira Miarritze, Ipar eta Hego Donibanen, baita Biriatun ere.