Xiberoako historiari buruzko argitalpen berriak iragarri ditu Ikerzaleak elkarte indarberrituak

Zuzendaritza bulegoa berritu du Xiberoako Ikerzaleak elkarteak berriki. Bederatzi lehendakarikide izendatu dituzte, eta bost batzordetan berrantolatu dute elkartea: arkeologia, komunikazioa eta proiektuak, kanpo-harremanak, finantzak eta dokumentazio funtsak. Iazko «trantsizio» urtean liburu bakarra argitaratu badute ere, proiektu andana garatu dituztela azaldu du Robert Elizondo presidentekideak. Azken argitalpena 'Alemaniatik ihesaldi nola egin dütan' liburua izan da, eta laster Ospitalepeko sarekadaren inguruko lana emanen dute argitara, orain arte ezezagunak ziren dokumentu eta lekukotasunekin. Horrez gain, Xiberoako herriak bisitatzeko gida batzuen egitasmoa abiatua dela jakinarazi dute Ikerzaleak elkarteko kideek.

Abantzu 15 milioi euro banatuko ditu POCTEFAk Euroeskualdean

Euroeskualdeak POCTEFA 2021-2027 proiektu deialdia abiatu du. Eremu funtzional horren graparenaz eta bultzada koordinatzeaz arduratzen da. POCTEFA programa europarrak 14,8 milioi euroko funtsa ireki du Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren eta Euroeskualdearen proiektu egituratzaileak finantzatzeko. Hiru ardatz nagusi hartu dira proiektu-deialdiarentzat: enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna. Proiektu deialdia urriaren 23ra arte irekia izanen da, eta proiektuak 700.000 eurotik goitikoak izan behar dira.

Hegoa Mendiburu: «Aldaketa klimatikoarekin geroz eta artalde gehiago igorriko dira bortura»

Azken bi asteetan artzainak bortura igaiten hasi dira. Aurten, aroak eragin duenez bortuan, batzuk berantago abiatzekotan dira. Hala ere, Garaziko mendietan artzain franko badira. Mendiak betetzen hasiak dira, bai kabalez, bai artzainez. Udako sasoia hastera doa, baina aroa ez denez haien alde, artzain batzuek berantago igaiteko deliberoa hartu dute. Hala ere, bortu batzuetan, beti arrakasta bada. Garaziko mendietan adibidez, bi etxola salbu, beste guziak artzainez beteak dira. Garaziko mendi sindikatuak, hainbat obra hasi ditu bai artzainentzat, eta baita ibiltarientzat ere: uraren garraiatzea idortearen desmasien saihesteko, edota ibiltari eta turisten lekuetan egokitzapen batzuk.

National 2 mailara igan da Mauleko errugbi taldea

Puntu bakar bati esker, Mauleko errugbi taldea Nazional 2 mailara iganen da. Igandean 21-8 galdu zuten xiberotarrek Isle Jourdainen kontra; haatik, finalerdiak jokatzen ahalko ditu etxeko partidan 20-6 nagusitu baitziren. Nazional 2 maila sortu zenetik ukan dute mauletarrek mailaz igaiteko parada, baina ez zuten onartu. Aldi honetan, aldiz, bai. Heldu den urtean nazional 2an ariko dira beraz mauletarrak, baina lehen hitzordua bi asteren buruan dute Orleansen, finalerdien kari.

Basalandareen onurak agerian emateko saioa Lartzabalen

Gure inguruan ditugun basa belar eta loreen ezagutzea balio duela erakutsi du Garbiñe Larrea naturopatak larunbatean Lartzabalen proposatu egun berezian. Goizean ibilbide botanikoa izan da, besteak beste plantaina, berbena, asuna, izpilikua edo intsusa nolakoa den eta non pusatzen den erakusteko. Eta arratsaldean landare horiekin ukendu, tisana, tinta edo ozpinak nola egin erakutsi du. Euskal Herrian diren landareez jakitate handia du Garbiñe Larreak eta horren transmititzea du helburu. “Sendabelarrek dakitena” arta liburuaren ondotik, ari da liburu berri bat lantzen, kosmetikarako diren landareak aurkeztuz.