Isabelle Pargade Hazparneko auzapezak ofizialki eman dizkio Ttattola gaztetxeari lokal berriaren gakoak. Bien arteko negoziaketa luze batzuen ondorio da. Lehengo axuri merkatuaren guneko lokala arraberritu du Hazparneko herriko etxeak, gunea gaztetxearen beharretara egokitzeko. Ttattolako kideak izanen dira baliatzaile nagusiak, baina Hazparneko nerabeen zentroak ere baliatzen ahalko du.
Indartsu agertu da beste urte batez Ziburuko euskal disko eta liburu azoka. «Euskara ala ezkara» leloarekin ospatu da euskara hutsezko azokaren 5garren edizioa; Daniel Landart idazlea omenduz abiatu da eguna eta egunean zehar antolatutako hitzorduek eta azoka berak izan duen harrerarekin pozik agertu dira antolatzaileak. Aurten 1.100 bisitari inguru bildu ditu azokak.
Frantses Konstituzioko bigarren artikuluaren kontrako aldarria larunbat honetan. Euskal Konfederazioak eta Pour que vivent nos langues federazioak deiturik, frantses estatuan hainbat elkarretaratze iraganen dira, hizkuntza guttituen defentsan. Bretainian, Korsikan, Okzitanian, Alsazian eta Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko dira hizkuntz eskubideen defenditzeko. «Frantsesa, Frantziaren hizkuntza dela» dioen artikuluak tokiko hizkuntzen hiztunen eskubideak ukatzen dituela azpimarratu nahi dute. Iparraldean Azkainen, Baiona Ttipian, Maulen edo Ziburun bilduko dira 11:00-13:00 artean.
Lurrez estali antzezlana estreinatuko da Izuran Azmeko Latsagako patioan asteburu honetan. Axut kolektiboko Ximun Fuchek idatzi du antzezlana, laborariek egungo sistema kapitalisten bizi duten egoera islatzeko. Kontakizuna, uda batez sortetxean biltzen den familia baten bizipenetatik kontatzen da. Maiatzaren 31an izanen da lehen emanaldia eta ekaineko asteburu guztietan emanen da antzerkia. Sarrera guztiak jada salduak izan dira.
Europako hauteskundeak, tokian toki ere jokatzen dira. Tokiko hautetsi franko engaiatu dira zerrenda desberdinetan, baina kasik nehor hautatua izateko lekuan. Ekainaren 9an iraganen dira hauteskundeak. Frantzian boza emanen duten herritarrek 81 eurodiputatu hautatuko dituzte, 38 zerrenden artean. EAJ Yann Wehrling buru duen 'Ecologie Positive et Territoires' zerrendan izanen da; Eusko Alkartasuneko Laurence Hardouin Baionako hautetsia, 'Europe Territoires Ecologie' zerrendan; 'Renaissance' alderdiaren taldean, Donibane Lohizuneko Claire Scotcher joanen da lehen aldikotz; Colette Capdevielle sozialista Raphael Glucksmannekin; eta Sandra Pereira angeluarra Intsumituekin. Itzuli bakarrean eta proportzionalean hautatuko dira diputatuak. %5 baino guttiago eskuratzen duten zerrendak kanpo geldituko dira. Aurten, gainera, bozka xuriak ere kontatuko dira.