2032 Kolektiboaren proposamenak kontuan hartu ditu Baionako herriko etxeak. Iazko jendetza handia jasan ondoan eta bereziki Patrice Lanies erail zutenetik, neurriak hartu nahi ditu herriak. Esperimentazioaren urtea izanen da. Hainbat aldaketa iragarri dituzte, lehenik irekitze ekitaldia arratsaldeko 17:00etara aitzinatuz. Zaldiko maldikoak eta merkatariak lekuz aldatuko dituzte, eta giroa baretzeko, aurten kontrolak zorroztuko dituzte bozgorailuetako soinuaren heinari begira. Garraioen aldetik, autobusen proposamena zabalduko dute, Donibane Lohizunetik. Trenetan, iaz bezala eskaintza indartu du SNCFek. Iaz 28 000 bidaiarik baliatu zuten trena Baionara jiteko. Besten aitzinkontu orokorra 4,2 milioi eurokoa da aurten.
Biltzar nagusia egin dute Enargiak eta I-Ener kooperatibek Uztaritzen. Proiektua kolokan eman duten kalapitak baretzeko lehen urratsak eman dituzte. Izan ere, urte hastapenean gobernantza arazo larriak salatu zituzten administrazio kontseiluko hainbat kidek, eta horrek Patxi Bergara zuzendariaren kanporatzea eragin zuen. Egoera horiek saihesteko lan sariei, gobernantzari eta balio partekatzeei dagozkien lantaldeak sortuko dituzte. Baina bereziki I-Ener eta Enargia gobernantza bateratu baten menpe ezarriko dute, bi entitateetako lansarien harmonizazioa bermatuz. Iban Lizarralde Enargiako presidenteak honakoa adierazi du:
Bide hori egiteko hiru zuzendari delegatu izendatu dituzte: Marie-Pierre Arrieta Scop Atelier Lan Berrikoa, Jean-Michel Berra Sokoako zuzendari ohia eta Marion Pichery Bizi mugimenduko kidea. Haatik, Patxi Bergara zuzendari ohia sustengatu zuten Enargiako langileetarik bik kontratua haustea deliberatu dute. Arnaud Boudou bilakatu da Enargiako zuzendari orokorra horrela mintzatu da:
Administrazio kontseiluko Timothée Acheritogarayk eta Joseph Bergarak ere kooperatiba utziko dute
Frantziako edo Espainiako selekzioen izenean jokatzeari uko egin diote Euskal Herri osoko 30 pilotarik. Horietatik 14 Ipar Euskal Herrikoak dira. Ekainaren 29an agerraldia eginen dute Hendaiako Daniel Ugarte Beltzenia frontoian, «Euskal pilota, selekzioa orain» lelopean. Amaia Larralde pilotariak azaldu digunez Ipar Euskal Herrian abiatu da egitasmoa: «ondotik sartu dira hegoaldekoak desmartxan». Frantziako Pilota Federakuntzak bere onespena eman dio Euskal Herriko selekzioari, baina «blokeoa Espainiako federakuntzatik heldu da».
Aste honetan abiatu dute terminaleko ikasleek ahozko handiaren azterketa. Ahozkoa, urtean zehar ikasleek hautatu duten gai berezituaz da, bi erakasle epaileren aitzinean aurkeztu behar dutena 20 minutuz. Joan den astean, erakasle elebidunek aipatu bezala, euskaraz azterketa pasatzeko aukera eskainia izan zaie ikasle euskal hiztunei. Baina azterketa guneetara hurbilduz, aukera hori guttik izan dutela erran digute. Horrez gain, Cassin lizeoan, epaile ziren erakasleei bakarrik frantsesez notatzeko manua eman zaie. Uztailaren hirua arte luzatuko da ahozko handiaren azterketa.
«Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian» jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan. Euskararen biziberritzea 2030 urtera begira jarriko dira Euskal Konfederaziokoak, Euskararen erakunde publikotik edota hirigune elkargotik. Parte hartuko dute Xabier Parilla Baionako hizkuntz politikaren arduradunak, Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoko buruak, Andde Sainte Marie Eskualdeko kontseilariak edota Antton Kurutxarrik elkargoko lehendakari ordeak. Jean René Etxegarai hirigune elkargoko buruak eta Andres Urrutiak Euskaltzainburuak egingo dute hasierako ekitaldia. 9.30etatik goiti abiatuko da eguna Baionako herriko etxean.
Makeako herriko etxearen murruetan Alain Dubois auzapezaren kontrako tindaketa laidogarriak agertu dira berriz ere. Urtarrilean ere gisa bereko tindaketak agertu ziren, eta Baionako auzitegiak 9.000 euroko kalte ordainak ordaintzera kondenatu zuen 40 urteko gizon bat. Herriko etxeak jakinarazi duenez, salaketa pausatu dute eta poliziak ikerketa abiarazi du.
Baxoko ahozko handia euskaraz egiteko aukera eskainiko diete publiko zein pribatuko ehun irakaslek, ikasleei. Aho Bizi eta Belarri Prest txapa izanen dute soinean ikasleek identifika ditzaten, eta jakin dezaten ahozkoa euskaraz egiten ahal duela segurtasun osoz.
Hautesbarruti bakar batean 2022an, hiruetan aurten. LR errepublikanoen alderdiak indarrak eman ditu hilabete bukaerako legebiltzarreko bozetan. Ipar euskal herria barne dituzten hiru hautesbarrutietan agertzen dira LR-en kandidatuak. Frantzia mailan gertatu tirabirekin ez dute bat egiten hemengo LR arduradunek. Eskuin muturrarekin Eric Ciottik deitu bateratzea ez du begi onez ikusten Beñat Cachenaut hautagaiak. Iholdiko auzapeza eta laugarren hautesbarrutian aurkezten da LR alderdiaren alde. Bosgarren hautesbarrutiko errepublikanoen hautagai izanen da ere Valérie Castrec angeluarra, eta Emmanuelle Brisson, Max Brissonen alaba, seigarrenean.
Frantziako laugarren mailari eutsiko dio Donibane Lohizunek, CNOSF Frantziako Olinpiar eta Kirol Batzordeak Cognaceko taldeari ezarri dion jautsiera administratiboaren ondotik. National 2an ariko dira donibane-lohizundarrak, Maule eta Angeluko taldeak bezala. 2024-2025 sasoierako Thomas Synaeghel eta Mathieu Bélie trebatzaileak jinen dira, David Irazoki Béziers aldera baitoa eta Adrien Techerek bere postua uzten baitu.
- Xabier Harluxet: «Elkargoaren baitan larrialdi klimatikoari buru egiteko tresnak badira»
- Feminizidioen kontrako helegitea onartu da aho batez Hirigune Elkargoak
- Inesa de Gaxen berpiztu dute Xarneguko herritarrek Bastidan
- Pascal Jocou nagusitu da Beskoitzeko hauteskundeen lehen itzulian
- Laguntza Etxerat elkartearen mobilizazioak segitzen du
- Pantxika Urruti: « 400 urte berantago, oraindik Inesa de Gaxen aipatzen da »
- Erasoen kontra, protokolo bateratua
- Ekainaren 16 eta 23an herriko bozak Beskoitzen
- Mixel Esteban, berdeen gainbeheraz: «ekologia ez da modan; gure bozkak alderdi sozialistara joan dira»