Garapen eta trantsizio hitzarmen bat izenpetu dute atzo Akitania Berriak eta Euskal Hirigune Elkargoak. Donapaleun elkartu dira bi erakunde horietako presidenteak iragan astelehenean. Elkargoak sail orotako egitasmoak garatu ditzan, hamabost milioi euroko laguntza eskaini dio Eskualdeak. Proiektu lagunduen artean dira, erraterako, Amikuzeko kirol gela, arta-etxe berria eta eraikitze lanetan de den agro-elikagai mintegia, baita Baionako merkatuaren arrantolaketa egitasmoa eta Bankako gune partekatuaren eraikuntza ere. Itunean bildutako 91 proiektuak, beranduenez 2027rako bururatuak izan beharko dira.
Elebitasunak zer ondorio du gure ongizatean? Galdera horri arrapostu ematen entseatu da Intza Malharin ikerlari xiberotarrak. Astearte honetan, lehen aldiz, bere azterketaren emaitzak argitara emanen ditu Donostiako San Telmo Museoan. Mintzaldi horretan, elebidunen eta elebakarren artean ongizate mailan diren desberdintasunak azalduko ditu.
Goizeko Izarra Garaziko pilota batasunaren biltzar nagusia iragan zen larunbatean. Lizentziadun gehien dituen bigarren pilota batasuna da Baigorrikoaren ondotik. Osagarri onean da pilota Garazin eta azpimarratu dituzte ere txapelketetan dituzten emaitza onak. Haatik, aurtengo biltzar nagusiak bazuen gustu berezi bat, 1997tik hona asteleheneko partidak kudeatzen dituen Garaziko Pilota elkartea deseginen baita uztailetik goiti. Edourd Maite elkarteko buruak bere kargua utziko du laster, eta Goizeko Izarrak ez du kudeaketa horren lekukoa hartzeko xederik. Anartean, Donibane Garaziko herriko etxea kudeatzaile berrien xerka ari da, asteleheneroko partiden usaia ez dadin horretan geldi.
Lehen aldia da malta Ipar Euskal Herrian ekoitziko dela. Euskal Herriko Laborantza Ganbara garagardo sail berri bat eman du plantan. Garagardoaren osagai zerrenda sinplea da: ura, lupulua eta garagar maltatua. Orain arte, ordea, Ipar Euskal Herrian kalitatezko garagarra ekoiztea abantzu ezinezkoa izan da tokiko klima dela eta. Bost urteko ikerketaren ondotik, barietate egokia atzeman dute eta aurten zazpi hektarea landatu dituzte. Donamartirin, gainera, maltategi bat sortzeko proiektua abian da.
Sutea goizean hasi zen Etxelü oihanean. Airean hezetasun apala zen eta haize buhako azkarrak. Suhiltzaileen lana igande arratsaldera arte luzatu zen, eta hurbil ziren hiru etxebitzitzak babestea erdietsi zuten. Nolanahi ere, bilana ez da ona, ezin izan baitzen saihestu ehun hektarea oihan erretzea. Orotarat 81 suhiltzaile, bi ur zisterna eta 27 kamioi mobilizatu dituzte larrialdi zerbitzuek. Suak debekatuak ziren larunbatean eta ez da oraindik argitu nola hasi zen sutea.
Iparraldeko amaturren esku huskako txapelketaren finalak larunbatean iraganen dira Irisarriko trinketean. Lehen mailan, Endaiarrak taldeko Asier Aspuru Agorria lehiatuko da Sarako Izarra taldeko Aritz Lekuonaren kontra. Bigarren mailan, USSP Amikuze taldearen Bittor Tikoipe, Airetik taldeko Iban Jauregiberriren kontra. Junior edo Artekoetan, Zaharrer Segi taldeko Mattin Etcheverry, Atzarri taldeko Peio Larrechea-ren kontra. Lehen mailako finala zuzenean segitzen ahalko duzue Euskal Irratien bidez.
Baionako Xingar feriaren lehen orenak abiatu dira. ostegun honetan etxeko xingar onenaren lehiaketako 26 xingarren artean txapela irabazi du Ximun Goiti irisartarrak, 10 kiloko xingarrarekin. Zortzi parte hartze baina lehen aldia da irabazten duela. Xingar ekoizle eta saltzaileen merkatuko pasabideak bete dira goizetik, bertan 50 erakusmahai atzemanen dituzue. Jakin Baionako xingarraren sailak 740 hazle zenbatzen dituela, eta orotara 5.000 enplegu biziarazten dituela.
Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen. Jabetza kolektibo horrek, etxea eta lurrak espekulazioaren merkatutik ateratzeko aukera izan daitezke, eta kooperatiben gisara, elkarteko kide izan behar da bizitegi horietan bizitzeko. Irisarrin sei lagunek gisa horretako proiektu bati ekin diote. Oro har, hiriguneetan agertzen dira holakoak, baina oraino landa eremuan bekan dira. Iñaki Etxeleku egitasmo horren parte da, eta azaldu duenez «jabetasun kolektiboan» oinarritzen da bizitegi eredu hori: «gu kooperatibako kide gira eta egitura da den-denaren jabe, beraz, gu joanen girelarik, egitura bera hor egonen da». Hala ere, diru-laguntzei begira, etxebizitza eredu hau ez da ezagutua administrazioaren aldetik.
- Baigorriko Kulturaldia ostiralean hasi, eta maiatzaren 1era arte luzatuko da
- Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek
- Tefal zartaginen debekua eragin dezakeen PFAS kutsatzaileen kontrako legea ezbaian
- Anaiz Funosas: «Euskal gatazkaren muin politikoa argitara emateko balioa izan du Bakegileen kontrako auziak»
- Sortuberri goiztiarrak artatzeko zerbitzua berrantolatu dute Baionako ospitalean
- Bi urteko presondegi zigorra arriskatzen du Txetx Etxeberrik eta urtebetekoa Beatrice Mollek
- Euskal Herriko Itzulia: Paul Lapeira nagusitu da Kanbon
- Tuberkulosarentzako esperimentazio gune bilakatuko?
- Larunbatean 100 bat pertsona baino gehiago hurbildu dira aurtengo Xiruttora.