EAJ eta EH Bildu buruz-buru, Gipuzkoako foru hauteskundeetan

Herrietako bozekin batera, Foru Aldundi edo diputazioetarako bozak ere iraganen dira Hego Euskal Herrian maiatzaren 28an. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek eskumen bereziak dituzte, horietan garrantzitsuena fiskalitatearena da, zergak edo legarrak biltzeko eskumena baitute. Foru Aldundiak probintzia bakoitzeko gobernuak baldin badira, batzar nagusiak probintzia bakoitzeko parlamentuak dira, eta 51 batzarkidez osatuak dira. Hauek dute hautatuko nork duen gobernua hartuko lurralde bakoitzean. Gipuzkoako Foru Aldundiko bi hautagai nagusienak izan dira gaur Euskal Irratietan. EAJko Eider Mendoza eta EH Bilduko Maialen Iriarte.

Donoztirin etxe bat 1,2 milio eurotan salgai ezarri dutela salatu dute

Herritarrak mobilizatzera deitzen ditu, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak. Donoztirin, 1.270.000 eurotan salgai ezarria izan da arraberritua izan den etxalde bat, hiru hektarea laborantza lurrekin batera. Etxebizitzen prezioen emendatzea salatzeko, ibilaldi bat antolatuko dute ostegun honetan. Gaur egun, bataz beste, 400.000 eurotan saltzen da 100 metro karratuko etxe bat Arberoan, hots, 2000 euro hilabetean 25 urtez. Horrez gain, beste etxe bat, 268.000 eurotan salgai ezarri dutela herrian, 4000 euro metro karratua. Donoztiriko etxeen %15 bigarren bizitegiak direla eta %10 etxebizitza hutsak.

‘Irati’ komikia berrargitaratu egin dute

Paul Urkijoren ‘Irati’ filmak izandako oihartzunaren harira erabaki dute lana berriro argitaratzea. Lau albumek osatzen dute obra, eta orain euskaraz ere osoki irakurtzen ahalko da. Joxean Muñoz eta Juan Luis Landak sortu zuten lan hau duela hiru hamarkada. Komikiak euskal mitologiaren iturritik edaten duen abentura-istorioa eskaintzen du.

Baionako etxe bat okupatu du gazte talde batek

Maurizia proiektua martxan da Baionan. Hamar gaztek, herriko etxearen esku den eraikin bat okupatzen dute maiatzaren 4tik. Baionako Santa Ursula karrikan da eta hiru estaiko egoitza hutsa da. Etxebizitzaren krisiak zuzenki hunkitzen dituen gazteak dira. Helburua dute ere gune horretan eskaintza kultural eta soziala proposatzeko. Jakin behar da herriko etxeak auzoa berregituratzeko proiektua duela, eta berriki kontzertazio bat martxan eman du. Gazteek, alokairu kontratua egitea proposatu diote herriko etxeari, eraikina hutsa izanen den bitartean erabili ahal izateko. Atzo arratsaldean polizia hurbildu zen bertara. Ezin izan dituzte gazteak kanporatu, okupatzaileek ez dutelako aterik hautsi eraikinera sartzeko. Halere, okupazioa egiaztatu, eta kanporatze prozedura legala abiatuko dute.

Frantziako presondegi guztiek giza-eskubideak urratzen dituzte

Iragan urteko Frantziako presondegien bilanak egoera hori utzi du agerian. Dominique Simonnot, txostenaren arduradunak azpimarratu du, kartzelak jendez gainezka direla, bere edukieraren %200eraino batzuetan. Gain populakuntza horri lotzen dizkiete baldintza oker gehienak, horri darion presoen arteko tentsioa, zaindari, janari eta arta eskasa. OIP Presondegien Behatokiko Maite Etcheverria Goiz Berri saioko gonbita izan da.

Talde politikoen diruztatzea onartu du Hirigune Elkargoak

Eztabaida luze joan da beste behin ere, taldeen kontra agertu direnen artean, ez alde eta ez kontra zirenen artean eta alde zirenen artean. Azkenean, finantzamendua onartu da halere, eta beraz, talde bakoitzari urtean 85.000 euro emanen zaio kolaboratzaile bat diruztatzeko. Funtzionamendu gastuei buru egiteko Bil Gaiten ezkerreko talde abertzaleak 19.800 euro eskuratuko ditu, eta Elkarrekin Herriarentzat talde abertzale eta eskuindarrak 27.600 euro. Talde bakoitzaren ondoko etapa, langile bat atxemaitea izanen da.

Txertatu gabeko osasun langileak, berriz ere lanera

Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute erabakia igande honetan. Abantsu bi urte lanetik urrunduak izan ondotik, txertatu gabeko osasun arloko langileak berriz lantokira itzul daitezke. Teorian, okupatzen zuten postua errekuperatuko dute. Orain, ospitale edota enpresa desberdinek berriz kontaktatu behar dituzte langile horiek ofizialki berriz sarrarazteko. Sindikatuen arabera, 20 000 eta 40 000 langile ingururi eraginen dio delibero horrek.

Idortea: laborari kaltetuen herena, kalte-ordainik gabe

Idortearen harira, «injustizia» salatu du ELBk Baionan, astelehen huntan, DDTM Lurraldeen eta Itsasoko Departamendu Zuzendaritzaren aitzinean . Sindikatuak jadanik salatu duen bezala, laborariek ez dute ulertzen nola banatuak diren idorteari buru egiteko ematen diren diru laguntzak. Dosierren hirutik bat baztertua izan da. Ondorioz, ELBkoek sinbolikoki kolektiboki errekurtsoak pausatu dituzte onartuak izan ez diren dosierrendako. Astezkenean, Paueko DDTMek, diru laguntzen banatzaileak, errezebituko ditu dosier batzuekin aztertzeko nolaz batzuk errefusatuak izan diren eta kriterioen argitzeko.

Zirko festibala Mousserolleseko harresietara itzuliko da Baionan

Maiatzaren 19tik ekainaren 3ra Baionako Mousserolles harresietan Zirko Festibala antolatzen du Oreka zirko eskolak. Euskal zirko kabareta antolatu du artista profesional eta amateur andana baten parte hartzearekin. Maryse Urruty antzezlariak eta bertsolariek aurkezturik, trapezioa, diabolo, oihala, akrobazia eta beste hainbat zirko diziplina ikusteko aukera izanen da. Aurten, gainera, La Caravane des Songes zirkoa gonbidatu dute. Hiru asteburuz segidan, bere ikusgarriaz gozatzeko parada izanen da Mousserolles harresietan.