Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu du.
Akordio honek Kanakiaren etorkizunean izan ditzakeen ondorioak eta eraginak aztertzeko, gurekin Battitta Boloki izango dugu, Kanakian bizi izan dena eta bertako egoera hurbiletik jarraitu duena.
Uztailaren 22an, Baigorriko osasun etxean “Zaindu zure larruazala: eguzkiaren arriskuak aitzinetik ikus” izeneko informazio eguna eta medikuarekin kontsultak antolatu dira. Egun horren helburua da jendea eguzkiaren arriskuez sentsibilizatzea eta babesteko ohiturak ikastea. Medikuarekin egindako kontsultetan, eguzkitan egoteko dituzun ohituren ebaluazio pertsonalizatua eta larruazaleko lesioen detekzioa eskainiko dira. Baigorriko osasun etxeko Xan Berteretxe gure gonbidatua izan da. Medikuarekin hitzordua hartzeko, deitu honako zenbakira: 07 45 55 07 94
UEMA Hego Euskal Herriko herri euskaldunen mankomunitatea da. Mankomunitateak hamar urte aitzinera begira jarri du begirada, eta 2036an herri txiki euskaldunetan, hau da, arnasguneetan, euskararen egoera nolakoa izanen den aztertu du. Martin Aramendi, Ataungo auzapeza eta UEMAko presidentea, gure gomita izan da.
Luzaiden den Kanpoko Bulegoak laino tokikoei buruzko ikerketa-lan bat jarri du martxan, eta gure entzuleei parte hartzeko gonbita luzatzen die. Proiektuak elkarrizketak uztartzen ditu tokiko artzain eta herritarrekin, baita zientzialari zein artearen alorreko sortzaileekin ere, ikuspegi anitzak gurutzatuz. Gaurkoan, kolektiboko kide diren Ane Ibañez eta Marc Badal dira gure gomitak.
Frantziako lehen ministro François Bayrouk 2026rako aurkeztu duen aurrekontu planak oihartzun handia piztu du, bai hedabideetan eta batez ere oposizioan. Estatuaren defizita %4,6raino jaisteko asmoarekin, 43,8 miliar euroko aurrezki plana iragarri du, besteak beste, bi besta egun ezabatzearen truke: Bazko astelehena eta maiatzaren 8a.
Bayrouren hitzetan, helburua argia da: “2029rako oreka berriz atxemaiteko bidea finkatu dugu”. Horretarako, gastu publikoa menperatzea eta kargen emendio “automatikoaren” kontrola ezinbestekotzat jo ditu. Bistan da, ordea, neurri hauek ez direla edonola irentsikoak: ezkerrak eta Rassemblement Nationalek zentsura mozio bat ez dute baztertzen.
Funtzio publikoko soldatak eta erretretak ukitu gabe utziko dituela adierazi duen arren, arlo bakarra salbuetsia izanen da murrizketetatik: defentsa. “Lanjer berezi batzuek mundua mehatxatzen dute aurten”, erran du Bayrouk, eta hortik dator aurrezki plana 40 miliatik 43,8 miliarrera igotzea.
Ekonomialari eta sindikatuen artean, zalantzak areagotu dira: eguneroko bizitzan murrizketek izanen duten eragina eta besta egunen kentze sinbolikoak jendartearen haserrea areagotzen ahal dute. Estatuak “lehenik berak eman behar du adibidea”, erran du Bayrouk; baina galdera da noren bizkar eginen den adibide hori.
Eguzki Urteaga soziologo eta EHU unibertsitateko irakasleak argitaratu duen azken liburuak euskararen egoera aztertzen du. Frantsesez idatzi du Situations et politiques linguistiques au Pays Basque eta L'Harmattan argitaletxeak plazaratu du. Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko arrailduraz sakontzen du liburuan baionarrak, eta soziolinguistikoki euskarak bizi duen egoera aztertzen du Euskal Herri osoan.
Baionako Marracq auzoan dagoen Largenté ikastetxeko 1.500 ikasleek zuzendari berria ukanen dute irailetik goiti. Filipe Mayte donazahartarrak bere kargua utziko du 12 urtez zuzendari izan ondotik eta Mathieu Pommiers sortzez angeluarrak ordezkatuko du eta Bordeletik Baionara etorriko da.
55 urte ditu Filipe Maytek eta Angèle Mericik sortu Ursulines ordenarentzat segituko du lanean parte haundiz. Eta beste partea Ataria elkartean pasatuko du. Euskal Herria, bere lurraldea, historia, kultura, hizkuntza, gaurkotasuna eta profesionalen jakintza egungo eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko beharraz ohartuz sortu zuten Ataria. Formakuntzak laster eskainiko dituzte.
Euskotren ligako estropada guziak eta Kontxako Bandera eraman zituzten Donostiako Arraun Lagunak elkarteko emazteek iaz. Aurten ez dute txapelketaren abiatzea hutsegin Bilboko eta Sestaoko banderak eraman ondotik iragan asteburuan. Bainan bietan segundu bat baino gutiagora heldu zitzaizkien gibeletik oriotarrak. Maila eta lehia haundia izanen dela aurten iduritzen zaio Joana Halsouet donostiarren patroi berriari. Orion arraunean ari den Ainhoa Etxenikek ere uste du aurten buru eginen dietela oriotarrek eta tolosaldekoek donostiarrei.
Oriok ustekabe txarra jasan zuen ekainean Gipuzkoako txapelketa kari ez bait zuen Euskadiko txapelketarako txartela lortu ahal izan. Seigarren lekuan baizik ez zuen bukatu. Bainan desilusioak inarrosi ditu oriotarrak eta bigarren lekuan bukatu zuten justu Arraun Lagunaken gibeletik joan den larunbat eta igandean Euskotren ligaren karietara.
Euskalgintzako hainbat eragile Baionako karriketara atera dira EEPren finantzaketaren inguruko kezkak agertzeko. 2017tik izozturik den aurrekontuaren aurrean, Frantziako Estatuak iragarritako 100.000 euroko igoera "trufa" gisa salatu dute.
Dozenaka eragile euskaltzale bildu ziren atzo Baionako karriketan, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) aurrekontu eskasa salatzeko. Frantziako Estatuak 100.000 euroko igoera iragarri badu ere, euskalgintzak trufa gisa jo du neurria, kontuan hartuta aurrekontua 2017tik izoztuta dagoela eta, gainera, aurten hainbat eragilek diru-laguntzen murrizketak jasan dituztela, azalpenik gabe.
Protestaren antolatzaileek egoera "larritzat" jo dute eta ohartarazi dute euskararen desagertze arriskua erreala dela. Gogorarazi dute 2025erako ezarritako hizkuntza-helburuak (%26-%30 hiztun) betetzeko ez dela behar adinako baliabiderik, eta bi urteko "atzerapausua" eta "porrot politikoa" salatu dituzte.
Protestan parte hartu zutenek salatu zuten Frantziako Estatuaren ekarpena hutsala dela eta, gainera, tokiko ordezkarien jarrera ez dela batere egokia, euskararen prekaritatea normalizatzen ari delakoan. EEPren inguruko egoera kezkagarria dela azpimarratu zuten, eta baliabide nahikorik gabe, hizkuntza-politikaren helburuak betetzea ezinezkoa izango dela ohartarazi zuten.