Ez da aisa Ipar Euskal Herri barnealdean bizitzea autorik gabe. Hori dela eta, zerbitzu publikoak garatzeko eginkizuna hartu du azken urteetan Hirigune Elkargoko mugikortasun sindikatuak. Sortu eta azkartu diren autobus ibilbide guztien artean Baiona, Donapaleu eta Atharratze artekoa nabarmendu daiteke; izan ere, urte hastapenetik %70 emendatu da zerbitzu horren baliapena. Hori dela eta, ibilbide horren eguneko ordutegiak biderkatzeko aukera aztertzen ari dira. Nolanahi ere, garraio publikoa oraino ez da behar bezainbeste garatua barnealdea, eta autoa baitazpadako izaten segitzen du familia gehienentzat. Mugikortasun sindikatuak proposamen berriak lantzen ari ditu, bereziki, adinekoen eta ikasleen garraioa hobetzeari begira. Renée Carrique Euskal Hirigune Elkargoko presidente ordea izan da astearte honetako gonbita Euskal Irratietan.
Jende ainitz berriz ere Baionan, Langileen Nazioarteko Eguneko manifestaldian, erretreten erreformaren kontrako borrokaldien testuinguruan. Azken urteetan Maiatzaren Lehenean ikusi den mobilizaziorik handiena izan da, 30.000 pertsona antolatzaileen erranetan, 7.000 suprefeturaren zenbakien arabera. Erretreten erreformaren kontra bai, baina hortaz harago langileen eskubideen aldeko mobilizazioa dela ere aldarrikatu dute Ipar Euskal Herriko sindikatu eta eragileek. Asteazkenean erran behar luke Konstituzio Kontseiluak erreferendumaren bigarren eskaera onartzen duen edo ez. Horren arabera erabakiko dute sindikatuek biharamunean zer segida eman mobilizazioei.
Hainbat urte titulu horren gibeletik izan ondoan, Eñaut Etxeberriak eta Battitta Ducassouk binakako berezkoen txapela jantzi dute. Iragan igandean 40 eta 31 nagusitu zaikie Eneko Maiz eta Luis Sanchezi, baionako trinkete modernoan. B mailako finala, aldiz, Donibane Garazin jokatu da astelehenean. Alexis Intxauspek eta Ion Iturbek erdietsi dute txapela Philippe Bielle eta Antton Luro bikotea 40 eta 23 irabazi ondotik. A mailako txapeldunak kontent agertu dira beren lehen tituluarekin:
Bi milioitik gora euro eskainiko dizkio Departamenduak, FJT egiturari. Iparraldeko eta Biarnoko langile gazteendako egoitzak kudeatzen ditu egitura horrek. Pack Jeune dispositiboaren barnean egin da hitzarmena. Departamenduan 16 eta 25 urte arteko1400 gazte inguru aterbetzen dituzte langile gazteen egiotzek. Ipar Euskal Herrian bost egoitza dira: biga Baionan, eta bana Ziburu, Hendaia eta Angelun. Depatramenduak 628.000 euro eskainiko du etxebizitzari buruzko orientazioa eskaintzeko, Olivier Alleman, Departamenduko gazteriaren kontseilariak azaldu duenez. Etxebizitza zailtasunak dituzten gazteendako diru-laguntzen dispositiboa berrituko dutela iragarri du ere kontseilariak. Gainera langile gazteen egoitza uzten dutenek 350 euroko diru-laguntza galdegiten ahalko dute hemendik goiti bizitegi berri batean instalatzeko. Delphine Taieb Lapurdiko kostaldeko FJT egoitzen zuzendariak argitara eman duenez, Donapaleun 13 estudioko egoitza idekiko du Office64 egiturarekin lankidetzan, eta Donazaharren ere beste 12 estudio eraiki nahi dituzte 18 hilabeteren buruan Elkargoak erosi duen Shala Gazteluan . Maulen eta Hazparnen ere egoitza bana sortzeko asmoa dute FJT-k eta departamenduak.
Euskarazko kazetaritza diploma sortzea erabaki dute Euskararen Erakunde Publikoak, UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta IJBA Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak. Kazetari euskaldunen formatzeko helburua duen formakuntza profesionala da. Ikasle-aprendizek bi urteko profesionalizazio-kontratu bat izenpetuko dute hebabide batekin eta IJBA-rekin, eta ikasleari ez zaio deus kostako. Programa abiatzeko irailean, gutienez, hamar ikasle behar dira. Bi astez unibertsitatean izanen dira eta sei astez hedabide batean lanean. Baionako Campusean izanen dira nagusiki, eta praktikak eginen dituzte Bordeleko eta Bilboko unibertsitateetan.
Aberrien eta langileen zapalkuntzak uztartu. Xede horrekin, Herribiltza kolektiboak egun berezia antolatzen du heldu den astelehenean, Maiatzaren Lehenean Donibane Garazin. Eguna goizean hasiko da merkatu estalian herri jantegi batekin, talo eta musikarekin. Ondotik, parkean ereitea eginen dute Burujabetasunaren Haziekin. Hitzordu horren kari ere, Filipe Bidart eta Eñaut Haritxelar militante historikoen mintzaldian antolatu dute. Izan ere, 50 urte bete dira Ipar Euskal Herrian ikuspegi sozialistarekin egin zen lehen Aberri Egunetik. Donibane Garazin antolatu zute 1973ean, gerora Iparretarrak talde armatua osatuko zuen belaunaldiak. Filipe Bidart izan da ostegun honetako gonbita Euskal Irratietan.
Erretentzio zentroen egoeraz azken txostena atera du CIMADEk. Beste lau elkartekin, CIMADE elkarteak 2022ko datuak atera ditu aste huntan. 2022an, zenbakien politika argi ikusten da erretentzio zentroetan paperik gabeko migrante geroz eta gehiago metatzen baitira. Horrez gain, erretentzio iraupena luzatzen da ere, 2019an hamasei egunekoa bazen bataz bestekoa, iaz 30 egunekoa zen. Ondorio zuzenak ditu egoera horrek: tentsioen goititzea, baldintza txarrak eta bereziki itxaropen eza. CIMADEk egoera salatu, eta erretentzio zentroen hestiera galdegin du.
“Des étoiles et des femmes” formakuntza programaren lehen edizioa bururatzen ari dira hamabi emazte Donibane Garaziko Navarre lizeoan. Diplomarik ez, edo arras guti, eskola aspaldian utzia, gehienetan ama familiakoak dira. GRETA eta Navarre lizeoaren partaidetzarekin burutu dute formakuntza. Diploma laster eskuan, formakuntza segitu duten emazte hauek lan munduan sartzeko xedea dute. Heldu den ikasturtea kari ere, esperientza luzatzeko xedea dute antolatzaileek.
Xiberoko ikastolek heien 50 urteen ospatzeko Tolosako Gure Zirkua etorrarazten dute asteburu honetan Maulera. Lau emanaldi izanen dira: ostiralean 19:00etan, larunbatean bi emanaldi 16:00etan eta 18:30etan, igandean 11:00etan. Zirku klasikoa da eta 250 ikusle sartzen ahalko dira karpa koloretsu baten pean. Euskarazko lehen zirku ibiltaria da. Pista gainean hamaika artista izanen dira. Lekuak oraindanik salgai dira gurezirkua.eus webgunean. Zirkuaren oihal-etxea jadanik plantan da Mauleko ehogiaren ondoan.
- Berezkoen esku huskako binakako finala igande honetan Baionan
- Buru beltza ardi-gasna ekoizten hasteko 11.200 euro bildu dituzte
- PanneauPocket baliatzen hasi dira Iparraldeko hogei herriko etxe
- Herri Urrats: besta eta aldarrikapen egun handia, urratsak zubi bilakatzeko
- Urmuga festibalak mendia eta musika uztartuko ditu uztailaren 12tik 30era
- Mugaz gindiko elkartea sortu dute Garazik, Xiberoak, Aezkoak eta Zaraitzuk
- Aturri ibaiaren eskuinaldea birmoldatzeko plana abian da
- Basurde populazioa orekatzeko lana gelditzearekin mehatxatu dute ehiztariek
- Euskal toponimoak frantses ortografiarekin nahi ditu Kanboko herriko etxeak